Image
Image

Euskaraz eskatzeak saria du Ordizian

Ordiziako Udalak, beste hainbat udalerriren antzera, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpaina jarri zuen martxan, herriko establezimenduetan lehen hitza besti euskaraz egiteko asmoarekin. Gaur, urtarrilak 14, egitasmoan parte hartu duten eta zozketan irabazle suertatu direnek saria jaso dute.

Hain zuzen ere, kanpainan atxikitako establezimendu eta ostalaritzan gastatzeko 50 euroko bonoak jaso dituzte irabazleek, eta urtarrilaren 31a arte izango dute epea erabiltzeko.

Honakoak dira: Ana M. Usabiaga Manterola, Ane Ibarrondo Agirre, Arantxa Sukia Auzmendi, Arantza Mendizabal Zurutza, Belen Esnaola, Eneritz Iglesias Goikoetxea, Gaizki Garai, Koro Ruiz, Lierni Iztueta Mendizabal, Maddi Caballero, M.A. Azurmendi Amenabarro, Mariaje Lapizondo, Mari Jose Etxaniz Jaio eta Marivi Irastorza Gaincerain.

Helburua herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egitea da. Ordiziaren kasuan, gainera, kanpaina honek erakutsi du udalerriko ia-ia establezimendu guztietan euskara dela nagusi, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan ere.

Gertukoa aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu. Konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua, eta dendariak ezagutzen gaitu. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkar eta seguru bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea.

Horretarako Ordiziako Udalak kanpaina berezi bat jarri zuen martxan. Datorren astean Ordiziako etxebizitza guztietara iritsi zen eskuorri bat: bertan kanpainaren nondik norakoak azaltzen ziren bertan, eta beheko aldean zigiluak jartzeko espazioa zegoen. Hain zuzen ere, kanpainari atxikitako herriko establezimenduetan euskaraz eskatzen duten herritarrei zigilutxo bat jarri zaie azpiko taula horretan. Taula betetakoan, Ordizian Merkatari elkartean egongo den buzoian sartu dute, eta 50 euroko erosketa-bonuen zozketan hartu dute parte.

Euskararen Kriseiluaren ekimenagatik esker ona

Laster 2021. urteari agur esango diogu, eta horrekin batera, Ordiziako Euskararen Kriseiluari ere agur esan behar diogu. Abendu hasieran parte-hartzaile guztientzako ekitaldia aurreikusi bagenuen ere, gaur egun EAEn bizi dugun osasun-egoerak galarazi zigun eta tamalez, ezin izan genuen burutu.

Gauza bera izango ez den arren, ekitaldirako grabatu genuen bideoaren eta mezu honen bidez, ekitaldian esan beharrekoa helarazi nahi dizuegu: Ordiziako Udalaren eta herriko ikastetxeen izenean, MILA ESKER Ordiziako Euskararen Kriseiluan parte hartu duzuen familia guztioi. Hementxe duzue ikusgai ekitaldirako grabatu genuen bideoa: https://youtu.be/6yQMzlMbRNI

Sekulako ahalegina egin duzue zuen familia barruko hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzen eta apurka-apurka euskarari leku handiagoa eman diozue. Oraindik ere galdetegia bete nahi izanez gero eta konpromiso berriak edo desberdinak hartu nahi izanez gero, aukera zabalik izango duzue lotura honetan: www.kriseilua.eus

Bestalde, eskerrak emateko ekitaldian banatu beharreko oparitxoa zuen umeek ikastetxean jasoko dute.

Azkenik, asko eskertuko genuke egitasmoaren balorazio-galdetegia betetzea, hauxe da lotura: https://labur.eus/OrdiziakoBalorazioa

Gure aldetik, berriro ere eskerrak ematea, eta laster arte!  Mantendu bizirik euskararen sua!

Lehen hitza, beti euskaraz

Ordiziako Udalak, beste hainbat udalerriren antzera, bat egin du “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpainarekin. Helburua herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egitea da. Ordiziaren kasuan, gainera, kanpaina honek erakutsiko digu udalerriko ia-ia establezimendu guztietan euskara dela nagusi, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan ere.

Gertukoa aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu. Konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua, eta dendariak ezagutzen gaitu. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkar eta seguru bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea.

Horretarako Ordiziako Udalak kanpaina berezi bat jarriko du martxan. Datorren ostegunean Ordiziako etxebizitza guztietara iritsiko da eskuorri bat: bertan kanpainaren nondik norakoak azalduko dira, eta beheko aldean zigiluak jartzeko espazioa izango da. Hain zuzen ere, kanpainari atxikitako herriko establezimenduetan euskaraz eskatzen duten herritarrei zigilutxo bat jarriko zaie azpiko taula horretan. Taula betetakoan, Ordizian Merkatari elkartean egongo den buzoian sartu beharko da, eta 50 euroko erosketa-bonuen zozketan hartuko dute parte. Abenduaren 31a arte iraungo du kanpaina honek

Euskararen kriseilua, euskara piztuta mantentzeko

“Ordiziako familiei egin nahi diegun proposamen bat aurkeztera gatoz gaur. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena da”, azaldu du Maitane Alvarez, euskara zinegotziak.

“Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako, azken batean, kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. Denok partekatzen dugu hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura”, gehitu du zinegotziak.

Gauzak horrela, hizkuntza su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du aurkezten ari garen Euskararen Kriseilua egitasmoak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau.

Esan bezala, bi gonbidapen egiten dizkiegu 4 eta 9 urte bitarteko haurrak dituzten familiei:

  • Lehenik euskararen sua bizirik mantentzea, Euskararen Kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea.
  • Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. Hausnarketan laguntzeko autodiagnostikorako tresna bat betetzera gonbidatuko dira familiak.

Etxez etxe ibiliko da Euskararen kriseilua azaroan hasi eta abendura arte. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko, eta egoerak uzten badu, familiak gonbidatuta ekitalditxo bat egingo da.

Euskaren Kriseiluan parte hartzeko, urriaren 22a baino lehen http://ordizia.kriseilua.eus/ webguneko galdetegia bete behar da.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image