Image
Image

Oianguren historia argazki bidez

Ordiziako Oiangu parkea herritar zein ingurukoentzako altxor bat da. Urteen poderioz aldaketak izan ditu, eta iragana berreskuratzeko bidean, argazki zaharren bilketa osatu da, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Ordiziako Udalaren arteko elkarlanean.

“Asmoa Oiangu parkearen iragana eta geroa herritarrei erakustea da; horren bidez, bertako paisaian egin diren jarduerak ikusi eta ulertu ditzakegu, eta uste dugu jaso ditugun argazkiekin hori lortzen dugula. Argazkiak bilduta, erakusketa bat jarriko dugu Oianguren eboluzioa ulertzeko, eta batez ere hura zaintzeko konpromisoa berresteko”, azaldu du Maitane Alvarez, alkateordeak.

Jaso diren argazkien artean Yoana Garcia, Oihana Benito, Landarlan elkartea, Maddi Martinez, Jose Miguel Pecharroman eta Edurne Huesarenak daude. Datorren urterako erakusketa bat antolatuko da argazkiekin.

Saretxo metalikoa, hondakinak errekara ez erortzeko

Ordiziako Udalak, Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean, 1.000 metroan saretxo metalikoak ezarri ditu. Helburua, ibai eta erreketara hondakinak ez erortzea da, Ordizia 2030 ekintza planean jasota dagoen moduan.

Hemen ikus dezakezue azalpen osoa: 

Erreka eta ibai garbiketak hasi dira

Ordiziako Udalak orain dela hiru urte hasitako lanarekin aurrera jarraituko du eta aurten ere, Ordiziako zatiko Oria ibaia eta Amundarain errekaren garbiketa egingo du. Aurten, baina, berrikuntza bat gehitzen zaio, izan ere, Mariarats errekaren garbiketa ere egingo da.

2018an, 3 astetan zehar, Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian 8.000 kilo zabor atera zen eta 2019an, epe berdinean, 5.500 kilo atera zen. Ondoren, zabor hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatuta utzi zen. Orotara, 13,5 tona zabor gutxiago iritsi zen itsasora. Iazko datuei erreparatuz, 4.500 kilo zabor jaso ziren garbiketetan. Guztira, beraz, Kantauri Itsasora 18 tona zabor gutxiago iritsi da.

“Gure ingurunea zaintzea beharrezkoa da gizartearen etorkizuna bermatzeko. Gainera, 2030 Ekintza Planean jaso genuen moduan, gure konpromezua irmoa da natura zein ingurumenarekin. Garbiketa hauekin 14. Garapen Jasangarriko Helburua lortzeko bidean gaude, eta lan lerro honetan indarra jarriko dugu, gure ondare garrantzitsuena delako. Puntu horretan, ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea jasotzen da, garapen iraunkorrerako”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak. Gainera, nabarmendu du gaur egun ibai eta errekak begiratzean “garbiketa urtero” egin behar dela argi ikusten dela, “ibaien ubideak berriro ere zikinak daudelako; gehienbat plastikoa dago, baina hondakinak ere argi ikusten dira”, gehitu du. Hala ere, Alvarezek honakoa gogoratu du: “hondakinak behar bezala kudeatu behar ditugu, halako egoeretara ez iristeko. Txikitik hasita, handian eraginez. Guztion ardura da, eta bakoitzak asko egin dezake gure ingurunea eta natura behar bezala zainduta edukitzeko”.

Garbiketa hau egiteko Txukun Lorazaintza S.L. enpresa kontratatu da. Garbiketarekin atzo hasi ziren eta bi astez luzatuko da garbiketa hau. Atzo Mariarats errekaren zatia garbitzen hasi ziren, ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak bilduz, bertatik ateraz eta kamioian zabortegira eramanez, gero bertan sailkatzeko eta pisatzeko.

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUEI KONTRIBUZIOA

2015eko irailean, 193 herrialdek 2030 Agenda deritzona onartu zuten NBEko Batzar Orokorrean. Agenda horrek Garapen Jasangarriko 17 Helburu ditu (GJH), eta mundu osoan aplikatu beharreko 169 xede. Xede horiek, 2016tik, herrialde guztiek egiten dituzten ahaleginak zuzentzen dituzte, 2030ean mundu jasangarri bat lortzeko eta mundu osoan eragina duten ingurumen, gizarte eta ekonomia arazo larriei aurre egiteko. Ordiziako Udalak uztailean aurkeztutako Ekintza Planean jasotzen den ekintzetako bat da, duen konpromezuari snedo helduz eta datozen urteetarako erronkak nabarmenduz.

Oria ibaia eta Amundarain eta Mariarats erreken garbiketa egingo da 14. Garapen Iraunkorreko Helburua lortzeko: Ozeanoak, Itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea garapen iraunkorrerako. Ondorioz, ibaietara botatzen den zaborra murriztu egingo da eta bide batez, itsasora iritsiko den zaborra ere murriztu egingo da. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz babestutako ekintza da.

Azokako pintxoak, tabernetan

Orain dela hilabete batzuk, gure herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzeko asmoz Ordiziako Azoka Pintxoa ekimena martxan jarri genuen Ordiziako hainbat tabernetan.

Gauzak horrela, gaur, asteazkeneko azokarekin batera Kantoi tabernak eskaintzen duen pintxoa aurkeztu dugu, Ordiziako Plaza Nagusian. Azokan aurkitzen ditugun garaiko barazkiak dira pintxo berezi honen osagaiak. Kasu honetan, hauexek: Sagar dultzea, lore eztia, intxaurrak, txakolin ozpina, oliba olioa, gatza, piperra, sagarra, ardi gazta, gurina eta brick orea. Errezeta eskuragai dago www.ordiziakoazoka.eus/azokako-pintxoa atalean.

Gaur gaurkoz, Kantoi tabernaz gain, Pottoka, Hotel Ordizia, Martinez, eta Leizea dira ekimenarekin bat egin dutenak.

Afari baten zozketa

Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana ematen ari zaie, eta asteazken honetan 2 pertsonentzako afariaren zozketa egingo da partaideen artean. Kasu honetan Martinez eta Leizea tabernetan afari bana zozketatuko da.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image