Image
Image

Europako Hondakinen Murrizketa Astea 2024

Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin, Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egingo du. Hondakinak murrizteko hainbat neurri eta kanpaina jarri dira martxan urrian eta azaroan zehar, eta horien berri eman dute gaur Maitane Alvarez alkateorde eta trantsizio ekologikorako zinegotziak eta Laiakoop aholkularitzako Rosa Aurkiak. Besteak beste, Oria, Mariarats eta Amundarain errekak garbitu dira, gaikako bilketaren datuak eman dituzte, eta auzokonposta bultzatzeko hainbat berrikuntza egin direla azaldu dute.

Urrian zehar Oria eta Mariarats erreken garbiketa egin da, eta bi astetan, 1.900 kilo hondakin jaso dira. Maitane Alvarezen esanetan, "datu horrek bide onean goazela erakusten du, baino badugu erronka bat hor, datu hori urtetik urtera hobetzen". Amundarain errekaren garbiketa, berriz, Foru Aldundiak kudeatu du, eta bilketa horren datuak izan bezain laster zabalduko dituzte.

Hondakinen gaikako bilketari dagokionez, gaur egun Ordizian %76 biltzen da gaika, eta %24 doa errefusara. "Hor igoera txiki bat izan da 2024an eta honek ere jarraipena egin behar izatea eskatzen du; lurrean aurkitzen dugun poltsa kopuru handia da oraindik, eta hori ere hobetu behar da". Zentzu horretan, punturik beltzenak identifikatu eta kanpaina bat jarri da martxan, urte bukaera bitartean. "Puntu hoietan azterketa sakonagoa egingo da, eta espero dugu horrekin egoera hori hobetu ahal izatea".

Auzokonpostaren kanpaina

Ordizian duela hainbat urte jarri zen martxan auzokonposta egiteko sistema. Lehen urteetan ondo funtzionatu bazuen ere, azken urteetan beherakada nabaritu dute, eta berraktibatu egin nahi dute orain. Horretarako, eta materia organikoarekin konposta egiteak dituen onurak azaltzeko, kanpaina bat antolatu dute. Alvarezek azaldu du "herrian auzokonposta egiteko ditugun hiru guneak txukundu" egin direla, eta datorren urte hasieran martxan izatea dela udalaren asmoa. Sisteman hainbat aldaketa egin dituzte, eta Sasietak arduradun bat jarriko du auzokonposta guneak zaindu eta kudeatzeko. Berrikuntza horiek azaltzeko, bilera informatiboak antolatu dituzte asteazken honetarako, hiru konposta guneetan. "Herriko familiak gerturatzea eta izena ematea nahi dugu, batetik lehen baino errazagoa izango delako, eta bestetik, organikoaren kudeaketarekin zirkuloa ixtea lortzen dugulako, konpost hori etxeko lorategian edo herriko puntu berdetan erabili daitekeelako gero". Hori dela eta, herritarrak animatu ditu bilera horietan parte har dezaten.

Udalak Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean martxan jarriko duen konposta egiteko sistema berria azaltzeko, herriko hiru konposta guneetan bilerak egingo dira, asteazkenean, azaroak 20:

  • 17:00 Eskarabillako konposgunea
  • 17:30 Araba parkeko konposgunea
  • 18:00 Bilordi parkeko konposgunea

 

Garbi jokatu kanpaina

Bestetik, Sasieta Mankomunitateak 'Garbi jokatu' kanpaina jarri du martxan, bilketa zerbitzuen erabilera egokiaz kontzientziatzeko. Kanpainaren helburua herritarren arreta piztea da eta, ahal den neurrian, hondakinez betetako poltsak lurrean uztea eta etxeko tresna handiak ateratzeko ezarritako egutegia ez errespetatzea saihestea.

Une honetan Sasieta Mankomunitateak Gipuzkoako gaikako bilketa eta birziklatze indizerik altuena du eta oso eskertuta dago herritar gehienek egiten duten ahaleginagatik. Hala ere, datu on hori ez dator bat, edukiontzien edo kuboen puntu batzuen ondoan gutxi batzuen gizalegearen kontrako jarrerak eragindako zikinkeriarekin.

Hala, batetik “Garbi jokatu, bereizi hondakinak, sartu dagokion ontzian eta atera ezazu kalera egutegiaren arabera” dion diptikoa banatu da etxez etxe. Bestetik, jarraian zehazten diren bi kaleetan panelak eta kartelak jarri dira:

  • Goierri kalea: Azaroaren 12tik 19ra.
  • Gudarien etorbidea: Azaroaren 12tik 19ra.

San Joan auzoko txakur parkea laster izango da martxan

Ordiziak bigarren txakur parkea izango du laster. San Joan auzoan kokatuta dago, eta 1.182 m2-ko eremua hartzen du. Egurrezko itxitura eta botilen tapoi birziklatuz egindako bankua kokatu dira dagoeneko bertan, eta datozen egunetan, txakurrentzako iturria eta gorotzak jasotzeko pipi-can deritzon zakarrontzia izango ditu. Ate bikoitza eta txakurrak askatzeko sarrera ere izango ditu, seguruago irten eta sartu ahal izateko.

Adur Ezenarro alkatea eta Laiacoop enpresako Rosa Aurkia izan dira gaur goizean egin den aurkezpen ekitaldiak. Ezenarrok azaldu du "eremua itxita" dagoela, "txakurrak bertan solte ibiltzeko pentsatuta" dagoelako. "Elkarbizitzarako arau batzuk ere izango ditu, jabe bakoitzak jaso beharko ditu bere txakurraren gorotzak, erasokor jartzen badira edo liskarren bat sortzen bada jabeen ardura izango da banantzea eta lotzea, txakur arriskutsu izendatuta daudenek bozala eraman beharko dute, eta hamabi urtez azpiko neska-mutilak ezin izango dira sartu". Arau horiek guztiak azaltzen dituen panel informatibo bat ere kokatuko da parkearen sarreran. 

Ordizian egin den bigarren txakur parke hau, "herritarren eskariz" egin dela gogorarazi du Ezenarrok. Upabikoak ere erabiltzaile asko ditu, eta San Joan eremuan jende asko txakurrekin ibiltzen denez, eremu honek ere erabiltzaile ugari izatea espero dute. Gainera, "herriaren bi muturretan" kokatuta daudela azaldu du alkateak, "horrela herritar guztiei zerbitzua" eman ahal izateko. 

Oiangu Natur Eskola, ingurumenean heziz

Udaberri honetan, zortzigarren urtez egin da Oiangu Natur Eskola. Apirila eta maiatzean zehar Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek parte hartu dute. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektu hau 2017an, eta, ordutik gaur arte Ordiziako Udalak finantzatzen du. Horri esker, urtez urte, ikasleek Ordiziako naturari buruz ikasteko aukera paregabea dute Oiangu bezalako parke aberats eta zabalean.

“Kuttuna den proiektua da Oiangu Natur Eskola. Oiangu naturaz gozatzeko leku paregabea izateaz gain, naturan eta naturaz ikasteko ere baliagarria da. Onuragarria da naturarekin kontaktuan egotea, edozein adinetan. Arrakasta handia duen ekimena da, eta urtez urte apustu hori egiten jarraitzeko asmoa daukagu”, nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Egiten diren ekintzak Oiangu Parkera eta bertako biodibertsitatera egokituta daude eta baso-eskoletako metodologia jarraitzen dute. Egun hasieratik bukaerara arte asko zaintzen da komunikazioa, bai arauak transmititzeko garaian zein haurren motibazioa eta autoestima sustatzeko garaian. Haur, irakasle eta hezitzaileok, oinez igotzen dira Oiangura. Oinezko bidea aukera paregabea da egunean zehar landuko diren gaiak aipatzen hasi eta ikasleak motibatzen hasteko. Landareak, animaliak edo naturako formak aztertzen dira; naturarekin hartu-eman zuzena egotea bilatzen da beti. Jolas librerako denborak ere garrantzi handia du eta bestelako jostailurik eskaini gabe estimuluak naturan bertan topatzea sustatzen da. Eskola honetako ekintza guztiak talde lanean egiteko pentsatuta daude, aniztasuna zainduz eta ikasleen arteko laguntasuna eta kooperazioa indartuz.

Egiteko modu honen helburu nagusia haurrak naturan esperientzia positiboa izatea da. Eta bide batez, bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzen da. Izan ere, esperientzia positiboek ikasketa prozesuan laguntzen dutela badakigu. Metodologia honek, bertako inguru naturala ezagutzen, kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz, errespetatzen lagunduko gaitu.

Basoaren kudeaketa hizpide Zuhaitz Egunean

Jakintza  Urdaneta

Zuhaitz Egun berezia ospatu dute Ordizian aurten. Urtero, hainbat arbola berri landatu dira, baina aurtengo ekimena berezitasunez josita egon da. Hain zuzen ere, aste honetan zehar Jakintza eta Urdanetako ikasleak Oiangu Parkera igo dira, eta bertan, Aranzadiko kideekin batera bertako basoaren kudeaketaren inguruko informazioa eskuratu dute. Hala nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak: “guretzat garrantzitsua da ikasleak Oiangun dugun altxorraz jabetzea, eta horregatik aurten landaketa berriak egin beharrean, dugunaren inguruko informazioa jaso eta hura babesteko ekintzak egin ditugu”.

Hala, besteak beste, basoa biziberritzeko eta denboran mantentzeko egiten ari diren lanak aurkeztu zaizkie. Hori izan da hain zuzen ere aurtengo Zuhaitz Eguneko gai nagusia. Oiangun itxitura batzuk egin dira bertako haritza babesteko asmoarekin eta hura hazten joan dadin.

Horrez gain, orain arte Oiangun egin diren eskuhartzeak ere azaldu zaizkie ikasleei: “dauden zuhaitzen adar eroriak jaso, eta horiek txikitu ondoren, ikus dezakegu baratzeetan erabilera eman diezaiekegula. Ez hori bakarrak, adar handiagoak badira eremu egituratzaileak egiteko balio dezakete”, gaineratu du alkateordeak.

Enbor hilak ere berrerabiltzen dira Oiangun. Intsektuentzako espazioak bihurtzen dira, eta hala bertan garatzen joan daitezke.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image