Image
Image

Intsektu saproxilikoentzako egurrezko egiturak jarri dira Oiangun

Oiangu parkearen kudeaketa jasangarria lehentasuna da Ordiziako Udalarentzat. Hala, orain hainbat urtetik elkarlanean ari da Aranzadi Zientzia elkartearekin batera. “Prozesu horretan hainbat erabaki hartu dira eta horietako bat da egur pila hauek bertan jartzea”, zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Hain zuzen ere, eta Oianguko zuhaiztiaren egoeraren ikerketa egin ondoren (udaberria hasi aurretik) erortzeko arriskuan zeuden adarren kimaketak egin ziren. Adar horiek lodiera handikoak ziren eta usteltze prozesuan hasiak. “Ezaugarri horietako egurra da hain zuzen ere gure basoetan falta dena eta interes handiko intsektuek bere bizi-zikloa osatzeko ezinbestekoa dutena”, gehitu du Alvarezek. Horiek dira intsektu saproxilikoak: arkanbelea (Lucanus cervus), kakalardo adarluze alpetarra (Rosalia alpina) edota Osmoderma eremita esaterako. Intsektu hauek guztiak EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta daude eta basoetako kontserbazio egoera onaren bioindikatzaile kontsideratzen dira.

“Oiangu eta bere inguruetan ikusi dira intsektu hauetako batzuk”, nabarmendu dute Aranzaditik. Egur pila hauen bitartez, batetik, Oiangun sortutako egurra Oiangun bertan geratzen da bere bizi-ziklo osoa bermatuz, bestetik, intsektu horien kontserbazioan lan egiten da bere habitataren iraupena bermatuz.

Oianguko barbakoak ostiral eta larunbatean itxita

Bihar eta etzi, ostegun eta ostiralean, Oianguko barbakoak ezingo dira erabili beroagatik alerta laranja, eta sute arriskuagatik abisu horia iragarrita dagoelako. Aurreikusten diren tenperatura altuei aurre egiteko gomendioak dituzue hemen: 

Beroaren ondorioak saihesteko plana 2022

Ingurumenarekiko konpromiso irmoa

Gaur, ekainak 13, Ordiziako Udalak eta Landarlan ingurumen elkarteak hitzarmena sinatu dute D´elikatuz zentroan. “Ordiziako Udalak ingurumenarekiko eta hura babesteko ekimenekiko konpromiso irmoa du eta horren adierazle da hitzarmen hau”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Gauzak horrela, Udalak 1.500 euroko laguntza bideratuko du elkartearentzat. Ion Fonsela, Landarlan Ingurumen elkarteko ordezkariak laguntza eskertu du, eta bihar aurkeztuko den dokumentalaren inguruan hitz egin du: “eskertuta gaude emandako laguntzarekin; holakoei esker aurrera atera dugu ‘Zure platerean hasten da mundua’ dokumentala, 19:00etan, Herri Antzokian”. Bertan, elikadurari, ekoizleei, ekoizte moduei inguruan hitz egingo dute. Dokumentalaren estreinaldiaren ondoren, doakoa izango da, solasaldia eta mokadutxoa egingo da.

GR 283 ibilbidea aurkeztu da

Oiangu parkean aurkeztu da gaur GR 283, Idiazabal Gaztaren ibilbidea, Goierri eta Euskadiko produktu turistikoa. Guztira 96 kilometro ditu, 6 etapatan zatitua dago, 9.777ko desnibelarekin eta 34 orduan egiteko prestatuta dago. Ibilbidea Ordiziatik hastea gomendatzen da. Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeak ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta gaztaren inguruan gehiago jakiteko aukera ematen du.

Erreserbak eta informazio guztia www.idiazabalgaztarenibilbidea.com webgunean. 

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image