Image
Image

Altamira atletismo pista berria Gipuzkoako erreferente izango da

PISTA BERRIA

  • Lanak amaitu berri dira eta datorren asteazkenetik aurrera erabilgarri egongo da

Amaitu dira Ordiziako Altamirako atletismo pistako berrikuntzak. Lanketa sakon baten ondoren hasi zituzten lanak maiatzean, Ordiziak bere beharretara egokitu den pista izateko.

“Asteazkenetik aurrera, abuztuak 12, erabilgarri egongo da pista berria”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak. OPSA, Obras y Pavimentos Especiales, S.A, izan da lanak egiteaz arduratu den enpresa. Lanen hasierako kostua 278.975,10 eurokoa izan bazen ere, lanak egiten ari ziren bitartean aurkitutako hainbat arazok, azkenean kostua 77.989,77 € handitzea ekarri dute.

Hasiera batean pistaren gainazala eraberritzea aurreikusten zen, oinarriaren egoera ona zela ondorioztatu zelako. Berrikuntza lanak hasi zirenean ordea, okerren zeuden oinarriaren zatiak konpontzen hasi zirenean, tenperatura altuekin ikusi zen oinarriaren azpian hezetasuna zegoela. Hezetasun hori ur geruza txiki batek eragiten zuen, beroarekin lurrundu, eta gainean duen edozer altxatzeko indarra duelarik. Horregatik, azkenean, oinarria ere berritzea erabaki da, pista oso-osoa eraberrituta.

In-situ deitzen den sistema erabiltzen du enpresa honek. Pista lautu ondoren, material berria momentuan jartzen dute, eta ondoren margotu. Pista urdin kolorekoa izango da.

Euskal Herriko eta kanpoko punta-puntako beste pista batzuk gertutik ezagutu ondoren sortu zen Altamirakoaren proiektua. Gipuzkoa osoan ez dago Ordiziako pistaren ezaugarriak dituen beste pistarik, eta horrek, une honetan Gipuzkoako erreferente bilakatu du.

Estalpe berria

Proiektu berritzailea izango da Ordizian egindakoa. Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. "Guri ideia ona iruditu zitzaigun, eta horregatik, eraikiko da falta den estalkia udazkenean", gaineratu du Caballerok. Altamirako pistaren kokapena eta forma ikusita, estalitako gunea harmailen azpian joango da, 45 metroko eremu estalia eta 2-3 kale hartuko dituena. Estalpe hau irailean amaitzea espero da.

Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat egokitu da pistako azken kalearen kanpotik, belar artifizialarekin pista osoa inguratuz. Honekin, espazio gehiago lortzen da korrikalariek euren entrenamendu osoak egin ahal izateko, 450 metro ditu kanpo eraztun honek. Horrez gain, luzera jauziko korridoreetako bat beste leku batera aldatu da, pisu gunetik gertu.

Pista zabaldu aurretik homologazioaren urratsa faltako litzateke. Prozesu horri astearte honetan emango zaio hasiera. Teknikariek materialak frogatu eta aztertuko dituzte, eta ondoren, dagozkion ziurtagiriak emango dizkiote pistari.

Majori Kiroldegia zabalik da berriz

Majori Kiroldegiko langile guztiek negatibo eman dute egin zaizkien PCR probetan. Hala, gaurtik aurrera berriz ere martxan izango da kiroldegiko zerbitzua. Eremu guztietan erabili beharko da maskara, baita gimnasioan eta kanpoko igerilekuetan ere. Erreserbak APP bidez edo 943 80 58 80 telefonoan egin daitezke. 

Astelehenean hasiko da Majoriko kirol eskaintza

Hirugarren fasean sartzearekin batera, datorren astelehenean, ekainak 15, Majori Kiroldegia ireki egingo da eta zerbitzu batzuk eskaintzen hasiko da. Hala ere, hiru pauso ezberdinduko dira, ahalik eta gehien ekiditeko pilaketak eta segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatzeko.

Majori Kiroldegia, instalazioen irekierarekin batera COVID-19aren aurkako kontingentzia plan bat prestatzen ari dira, ahalik eta segurtasun handiena izateko bai erabiltzaileek eta baita bertako langileek ere. “Prestatzen ari garen plana bizia izango da eta legedian emandako aldaketak bere gain hartuko ditu”, nabarmendu dute.

Ekainaren 15ean, beraz, honako gune hauek zabalduko dira:

  • Gimnasioa
  • Barruko igerilekua
  • Igerilekurako aldagelak
  • Taberna
  • Fisioterapia eta mediku zerbitzuak
  • Kantxak/Zelaiak
  • Terrazak eguzkia hartzeko
  • Tenis/Padel
  • Frontoia

Ekainaren 10etik aurrera  harrerako zerbitzua egongo da, honako ordutegian: 9:30-12:00 / 16:30-18:00. Ordu muga horietan Majori Kiroldegiko bazkideei telefono bidezko arreta egingo zaie.

Espazioak erabili ahal izateko hitzordua aurrez hartu beharko da. Horretarako bi bide daude: telefonoz (943 80 58 80) eta Majoriko App bidez (Google Play eta Apple Storen). Hala, gimnasioan makina lote batzuk erreserbatu ahalko dira. Erabilpenak 50 minutukoak izango dira eta erabilpen batetik besterako denbora desinfektazioa egiteko erabiliko da.

Barruko igerilekuan tarteak 30 minutukoak izango dira eta erabiltzaile bakoitzak bere kalea izango du. 7 kale egongo dira jarrita eta igerileku txikia bitan banatuko da, bizikideak erabili ahal izateko, jolas moduan, errehabilitazio moduan.

Aurreikuspenak betetzen badira eta aldaketarik ez badago, bigarren pauso batean kanpoko igerilekuak irikiko dira, ekainaren 22an. Erabilpen horren baldintzak hitzordu bidez aurreikusten dira, baina oraindik ere zehazteko dago, bitarte horretan araudiak eskatutakoak baldintzatu dezakeelako. Azkeneko pausuan, berriz, ekainaren 29an, Uda kanpainaren hasiera izango da. Aurten 11 pertsonako talde murriztuak izango dira, gehienez 4 edo 5 talderekin, segurtasun neurriak bete ahal izateko. Ez dira ohiko jarduerak egingo eta plangintza berezi bat prestatuko da ahalik eta kontaktu txikiena izateko erabiltzaileen artean. Ekaina bukaera-uztaila hasierarako ere aurreikusita daude bai saunaren eremu berriaren eta baita atletismo pistaren irekiera, baina hauek obren epeen baitan egongo dira.

Majori Kiroldegia ekainaren 15ean zabaldu da

Ekainaren 15ean zabalduko ditu ateak Majori Kiroldegiak. Gimnasioa, barruko igerilekua, igerilekurako aldagelak, taberna, fisioterapia eta mediku zerbitzuak, kantxak/zelaiak, terrazak eguzkia hartzeko, tenis/padel eta frontoia, hain zuzen. Aurrez hartu beharko da hitzordua horretarako eta segurtasun neurriak bete beharko dira. Laster informazio gehiago helaraziko dizuegu. Bien bitartean, hemen duzue hemendik aurrera izango duen irudi berria.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image