Image
Image

Ordiziako VIII. Meeting-ak goi mailako atletak bilduko ditu

Larunbat honetako jokatuko da Ordizia Meeting-aren VIII. edizioa. Jose Antonio Peñaren omenezko atletismo proba gero eta sona handiagoa hartzen ari da nazioarte mailan, hein handi batean, biltzen dituen atleten mailak ere gora egin duelako azken urteetan. Aurten hainbat berrikuntza izango ditu, gainera. Batetik, atleten erritmoa markatzeko argiteria sistema berria jarriko da; gainera, goi mailako atletez gain, benjamin eta alebin mailako probak ere izango dira. Altamira estadioan izango da meeting-a, larunbat arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara. Saioa streaming bidez jarraitu ahal izango da Txindoki Atletismo Taldearen youtubeko kanalean, eta aurten, Euskal Telebistak ere emango du proba, igandean, 15:00etan. 

Txindoki Atletismo Taldeko Eneko Agirrezabalek azaldu duienez, Ordiziako Meeting-a "urtez urte joan da handitzen" eta hori atleten kalitatean ez ezik, probak duen oihartzunean ere nabaritzen da. Aurtengo berrikuntzei dagokionean, argiteria berriarena "instalazio berezia" izango dela azaldu du; "meeting batean estatu mailan probatzen den bigarren aldia" izango da Ordiziakoa. Sistema horren helburua, "argiaren erreferentziarekin atletek erritmoa hobeto jarraitzea" da. Argiteria horri eta ikuskizunari garrantzia gehiago emate aldera, ordutegia ere aldatu da aurten, eta proba ohi baino beranduxeago hasiko da. Bestetik, aurten 5 euroko sarrera jartzea erabaki dute. "Sarrera sinbolikoa da, baina atzetik dagoen lan guztia aitortzeko modua" dela uste dute antolatzaileek.

Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak ere Meeting-ak "urte hauetan eman duen saltoa" azpimarratu du. "Ordiziaren izena Euskal Herrian eta estatu mailan ere, batez ere atletismo munduan, ahoz aho ibiliko da asteburuan, eta Ordizia bezalako herri batentzat garrantzitsua da horrelako puntako atletismo proba bat izatea". Ordiziak "atletismo munduan garrantzia" betidanik izan duela azaldu du, eta gogorarazi du 70eko hamarkadan lehen atletismo pista egin zenetik, egungoa laugarren pista dela. Bide horretan, "Peñak berak, Txato Caballerok, Josetxo Imazek eta beste batzuek egindako lana" azpimarratu nahi izan du, eta haiek hasitako bidetik, oraindik ere harrobia lantzeko egiten den lana goraipatu.

Ekitaldian, probaren babesle diren Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Beasaingo Udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariek ere hartu dute parte. Donostiako Aquariumeko Xabier Lasaga ere bertan izan da, Bihotz Urdina proiektua aurkezten. Izan ere, Ordiziako probarekin bat eginez, proiektua Ordizian aurkezteko aprobetxatuko dute. "Ordiziako probak, atletismoaz gain, berdintasuna, gazteria eta elkarlana bezalako baloreak transmititzen ditu, eta testuinguru horretan gure proiektua azaldu nahi diegu gazteei eta haien familiei". Horretarako, sarreran pankarta bat jarri eta "itsasoa estadio barrura eramaten" saiatuko dira, Aquariumeko hainbat hezur, oskol eta bestelako ikusgarri bertan kokatuta.  

 

Ordizia Urpekoak saria ospatuko da larunbatean

Ordizia KE Urpekoak, EHUIFren laguntza eta Ordiziako Udalaren babesarekin, otsailaren 3an Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan, hamargarren Ordizia Urpekoak Saria txapelketa antolatu du.

Ekitaldiak 240 igerilari batuko ditu 14 talde ezberdinetatik. Parte hartuko duten taldeen artean 13 espainiar estatukoak dira eta 1 atzerrikoa. Estatuko taldeetatik 2 Kataluniarrak, 2 Balear Irletakoak, 2 Nafarroakoak, 1 Andaluziakoa, 1 Valentziako Erkidegokoak, 2 Gaztela eta Leon eta 3 Euskadikoak dira; eta atzerriko taldea Frantziakoa da. Parte-hartzaileen artean Espainiako selekzioarekin Europa zein Munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari izango dira bertan.

Txapelketa bi jardunaldietan zatituko da: lehena, larunbat goizean 09:30etatik 12:30etara eta bigarrena, 16:30tatik 19:00tara.

Hegatsak erabiliz, txapelketari erritmo biziago bat ematen dion betiko igeriketarengandik aldentzen den modalitate ezberdin hau ikustera gonbidatzen zaituztegu.

Otsailaren 4an egingo da Ordizia Mendi Lasterketa

1968. urtean, bi ordiziarrek, Eskitxabel eta Rubio, Aralar inguruan egin zuten mendi lasterketa apustua, Larraitz-eko eta San Miguel de Aralar-eko ermitak batzen dituen joan-etorriko ibilbidean zehar. Orain urte batzuetatik hona ingurune horiek bihurtu dira Ordiziako Mendi Lasterketako bide, eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatuko du aurtengo saioa.

Ordiziako Mendi Lasterketa, 2024ko otsailaren 4an, 10:00etan da. Irteera eta amaiera puntua Ordiziako plaza nagusia izango da. Hiru lasterketa izango dira aurten antolatu direnak. “Hiru ibilbide izango ditugu: 21, 14 eta 7.8 kilometroko luzerakoak. Gure inguruko mendi inguruak ezagutzeko aukera paregabea da lasterketa hau, eta aurten, hiru luzera izanik aukeran, jendeak parte hartuko duela espero dugu. Edonork har dezake parte lasterketa hauetan”, nabarmendu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak. Edonork parte hartzeaz gain aparteko sailkapen bat ere osatuko da federatu korrikalariekin, izan ere lasterketa hau Espainiako txapelketetarako sailkagarria izango da, martxoan autonomien arteko Trail txapelketarako, hain zuzen ere. Hori horrela izanik federatuek 21 kilometroko ibilbidean parte hartuko dute. Federatu eta 23 urtez azpikoek 14 kilometro egingo dituzte eta 20 ,18 eta 16 urte azpikoek 8 kilometro.

Hiru ibilbide

Maratoi erdia (21 km): 1.000 metroko desnibel positibo eta negatiboarekin, eta hau elite mailako atletek osatuko duten ibilbidea izango da.

Bigarren ibilbidea 14 kilometrokoa izango da, 600 metroko desnibel positibo eta negatiboarekin. 23 urtez azpiko kategorian parte hartzen duten atletek egingo dute ibilbidea, baita distantzia hori egin nahi duten pertsona guztiek ere.

Hirugarren distantzia laburrena da, 7.8 kilometrokoa izango da.  400 metroko desnibel positiboa eta negatiboa ditu, eta lasterketa hau 20 urtez azpiko, 18 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko kirolariek egiteko aukera izango dute.

Izen ematea  www.kronoak.com webgunean egingo da. Egun berean ezingo da  izen ematerik egin. Dortsal guztiak irteera gunean banatuko dira, Ordiziako plazan 8:00etatik aurrera. Derrigorrezkoa izango da NANa aurkeztea dortsala eskuratzeko.

Antolakuntzak hiru ano postu jarriko ditu: ura, fruta (platanoa eta naranja) eta gel batzuekin. Korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du, eta hura izango da beteko dena.

Lasterketa amaitu ondoren egingo da sari banaketa. 21 kilometroko distantzian 100 euro eta garaikurra eramango du irabazleak, bigarrenak 50 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 30 euro eta garaikurra.

Oianguko Krosa, lokatz artean

Gaur ospatu da Oianguko Krosa, Oiangu parkean. Infantiletan Markel Araujo eta Ane Boch izan dira irabazlean, bigarren Haritz Lasa eta Maren Etxeberria, eta hirugarren Kepa Sarriegi eta Aiora Sarasola.
Alebinetan Danel Tello eta Nile Agirretxe, Xuban Perez eta Jule Arrese, eta Jon Chimeno eta Irina Mendizabal izan dira azkarrenak.
Benjaminetan, aldiz, Jaret Osifo eta Ane Garmendia, Eneko Garin eta Aiora Alberdi, eta Liher Arrondo eta Laia Pagaldai izan dira helmugaratzen lehenak.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image