Image
Image

Kulturen Arteko VIII. Topaketa ospatuko da Ordizian

Ordizia 'Harrera herria' da, eta Ordizia Kolore egitasmoaren barruan, aurten Kulturen Arteko VIII. Topaketa egingo da, azaroaren 4tik 9ra bitartean. Egitasmo hau urtez urte sendotzen ari da, eta hainbat ekitaldi parte-hartze handikoak izaten dira, hala nola, Munduko Arrozen Eguna. Ordizian elkarbizitzen diren jatorri eta kultura ezberdinak hobeto ezagutu eta harremanak bultzatzea da egitasmo honen helburu nagusia.

Ainhoa Jimenez Ongizate, berdintasun eta heziketa zinegotziak gogorarazi du “Ordizia Harrera Herria” dela eta horrek “poztasun eta aberastasun handia” ematen duela. Aurten “Errumaniari arreta berezia” jarriko zaiola azaldu du, “Ordizian bizi den etorkin komunitaterik zabalena” delako. “Hiri hezitzailea proiektuan foro ezberdinak ari gara lantzen, eta horietako bat da Harrera Herriarena. Bertan aipatu zen urtero komunitate bati aipamen berezia egingo zitzaiola, eta Errumania izan da aurten hautatua”. Hala, Kulturen Arteko Topaketan ere, keinu bat egingo zaio herrialde horri.

Bide horretan, aurten antolatu diren ekitaldietako batzuetan, Errumania izango da ardatza, hala nola ipuin kontaketan edota sukaldaritza ikastaroan, nahiz eta jatorri askotako herritarrek parte hartuko duten. Hilaren 4, 5 eta 7an, Kolore-Truk merkatu txikia egingo da D'Elikatuzen, eta Barrenan, 'Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen' izeneko erakusketa izango da ikusgai aste osoan zehar; gainera, hilaren 5ean, erakusketa honen inguruko azalpenak emango dituzte Garabide elkartekoek. Egun berean, 'Sormena eta migrazioa' mahai-ingurua ere izango da, D'Elikatuz zentroan. 

Ohiko beste ekitaldien artean, '11 zapore, Munduko pintxo-potea' egingo da. Asteartean, Otegi-eneko Nerea tabernan, eta asteazkenean, herriguneko Leizea, Olano, Pottoka, 1990, Martinez eta Kantoi tabernetan.

Bestetik, hilaren 8an, Ordiziako hizkuntza identitate anitzei buruzko topaketa egingo da, Barrenan, Garabide elkarteak dinamizatuta. Bukaeran, luntxa eskainiko dute.

Munduko Arrozen Eguna

Eta nola ez, Munduko Arrozen Eguna. Ainara Ormaetxea Ordiziako Aniztasun kudeatzaileak azaldu duenez, “oso ekintza partehartzailea da, eta urtero 400-450 lagunetik gora” biltzen ditu. Aurten, hilaren 9an egingo da, larunbatarekin. Munduko herrialde eta kultura ezberdinetako arrozak probatzeko aukera izango da bertan. Aurten, 10 herrialdeetako sukaldariek parte hartuko dute, eta Peru, Japonia eta Ekuatoriar Ginea dira berrikuntzak:

1- Divinas Mujeres de Nigeria Elkartea (Nigeria)
2- Cristhian (Nikaragua)
3- Serafina (Ekuatore Ginea)
4- Embrca (Sahara)
5- Amel (Algeria)
6- Patricia + Rosalía (Peru)
7- Lina (Kolonbia)
8- Lourdes (Ekuador)
9- Ana, Koordinadora feminista (Euskal Herria)
10- Mimi + Kumiko (Japonia)

Arrozen otorduaz gain, haurrentzako jolasak, bingoa, DJa izango dira egunean zehar. Berrikuntza moduan, gauean kontzertuak ere izango dira: Samba Badago, Lua Matheus & Revolutionary Brothers, eta DJ Angel ariko dira eskenatokian. Kontzertuetarako barra ere jarriko da, eta bertatik ateratzen den dirua Palestinako UNRWA agentziara bideratuko da.

Bazkarirako txartelak salgai daude D'Elikatuzen, Buztuntzako Magazine Romanesc dendan eta Otegieneko Nerea tabernan, 3 euroan helduena eta euro batean umeena.

Bukatzeko, gogorarazi azaroaren 24an Bizilagunak egitasmoa egingo dela, eta udaletik, herritar guztiei egiten zaie gonbitea ekimenean parte hartu eta beste jatorri eta kultura batzuetako jendearekin otordu bat konpartitu dezaten.

 

Pandemia garaiko herritarren testigantzak, herritarren eskura

Ordiziako Udalak 2022ko martxoko Udalbatzaren Osoko Bilkurak konpromisoa hartu zuen COVID19ak ekarri zuen pandemiak gure herrian utzi zituen bizipen ezberdinak aztertu, jaso, eta argitaratzeko. Lan horren emaitza da gaur aurkezten dugun Pandemian Bizi argitalpena, non ordiziar eta herriko eragile ezberdinek euren bizipenak partekatu dituzten, Farapiko kideen bide-laguntzarekin pandemian bizitako egoeren herri narratiba anitz bat osatzeko.

Guztira 62 lagunen testigantzak jaso dira, horietatik 43 emakumezkoak eta 19 gizonezkoak. Sektore edo esparru ezberdinetako jendea da, besteak beste gurasoak, egoera zaurgarrian dauden pertsonak, zaintza zerbitzuetako langileak, merkatari eta ostalariak, edota Covid-19aren eraginez senideren bat galdu duten herritarrak, besteak beste.

Ainhoa Jimenez ongizate eta berdintasun zinegotziaren hitzetan, pandemia “aztarna handia utzi zuen garai bat izan zen, denok oso modu intentsoan bizi izan genuena, eta erabaki zen herritarren bizipenetatik abiatuta diagnosi bat egitea”. Horretarako, garrantzia berezia eman zitzaion kolektibo ezberdinen hitzak jasotzeari. “Ez da lanketa kuantitatibo bat, kualitatiboa baizik, oso pertsonala eta bizipenetatik abiatutakoa”. Bizipen ezberdin horietatik abiatuta, hala ere, “besteen egoerarekin enpatizatzeko gaitasun hori” agerian gelditu dela uste du Jimenezek, “teorian denontzako berdina zen egoera bat bakoitzak bere lekutik bizi izan du, eta hori jaso nahi zen lan honetan”.

Behin testigantza horiek guztiak jaso eta liburua argitaratu zenean, lehen aurkezpen bat egin zen, ekainean, testigantzak eman zituzten herritarrekin. Jimenezek azaldu du “modu diskretu eta goxo batean” egin zela aurkezpen hura, “testigantzak modu anonimoan” eman dituztelako, eta ekitaldian ere anonimotasun hori gorde nahi izan zelako. Bilera hartan “oso modu positiboan” baloratu zen lana, eta liburua eta esperientzia horiek guztiak gainontzeko herritarrekin elkarbanatzea interesgarria izango litzatekeela azaldu zuten. Horregatik erabaki da orain, ordiziar guztiei ere liburua lortzeko aukera zabaltzea.  

Liburua jasotzeko interesa dutenek, izena eman beharko dute, urriaren 18a baino lehen, liburutegian edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean, harremanetarako telefono zenbakia edo e-posta helbidea emanda. Eskariaren arabera argitaratuko dira liburuak, eta eskaera egin dutenei zuzenean jakinaraziko zaie non eta noiz jaso ahal izango dituzten. Horrekin batera, Udalaren asmoa leku estrategikoetara ale bana eramatea da, hala nola ikastetxe edo osasun zentroetara, haiek ere egin den lanketaren berri izan dezaten.

Bukatzeko, Adur Ezenarro alkateak aipatu du “pandemian gertatutakoetatik ikasteko modurik eraginkorrena gure ikuspegia bera zalantzan jartzea dela. Eta bide horretan, guk bezala pentsatu edo bizi ez zutenen bizipenetan murgiltzeko liburu hau ezinbesteko tresna” dela.

 

Zuhaiztik 'Aktibatu zaitez' ekintza programa aurkeztu du

Ordiziako Zuhaizti zentroak prest dauka ikasturte berrirako 'Aktibatu zaitez' ekintza programa. Urtero 400 bat lagunek parte hartzen dute adinekoen artean ikastaro eta aktibitate ezberdinak bultzatzen dituen egitasmo honetan.

Jon Ander Caballero zinegotziak azpimarratu du “ez bakarrik gazteak, adineko herritarrak ere aktibo mantentzea garrantzitsua” dela, eta zentzu horretan Zuhaizti zentroak “oso aukera zabala” eskaintzen duela, “kiroletik eta ongizatetik hasi eta informatika ikastaroetaraino”. Hala, Ordiziako heldu eta adineko guztiak animatu ditu ekintza eta ikastaro hauetan parte har dezaten.

Guztira 23 aktibitate antolatu dira aurten, hiru arlo nagusitan banatuta: kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, Informazioa eta komunikazioa, eta Osasuna eta ongizatea.

Programa hau Ordiziako heldu eta adineko (erretiratuak eta pentsiodunak) guztiei zuzenduta dagoela gogorarazi dute. Hala, Zuhaiztiko bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere, kuotaren %20ko igoera batekin.

Informazioa eta izen-ematea, Ordiziako Zuhaizti jubilatu eta pentsiodunen elkartean edo 943 88 92 88 telefono zenbakian. Bulegoko ordutegia: asteazkenak eta ostegunak, 10:30etik 12:30erta.

Zuhaizti zentroan aste honetan hasi dituzten lanak direla eta, programak eta ikastaroek aldaketak izan ditzakete.

Zuhaizti egoitza suteen aurkako neurrietara egokitzeko lanak

Ordiziako Zuhaizti adinekoen egoitzan hainbat berrikuntza lan egiten ari dira azken urteetan. Obra horien 2. faseari ekingo zaio orain, eta bertan, egoitza suteen aurkako neurri eta araudietara egokitzeko hainbat lan egingo dira. Gaur egun, eraikinak eskailera bakarra dauka, eta ez dago suteen aurka babestuta. Hori dela eta, egungo eskailera (igogailuen ondokoa) isolatu egingo da, batetik. Eta bestetik, taberna aldeko sarrera egokitu eta larrialdietarako eskailera berri bat egingo da, 0 solairutik hirugarren solairura artekoa. Horrela, eraikinak bi eskailera izango ditu, biak ere konpartimentu isolatuetan eta suteen aurka egokituta.

Bigarren faseko lan hauen aurrekontua 379.838,20 eurokoa (BEZa barne) izango da, eta Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresak gauzatuko ditu. Lanak datorren urtearen hasierarako bukatuta izatea espero da. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 286.837 euroko laguntza jaso du, eta hein handi batean, laguntza horri esker finantziatuko da.

Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “lan hauekin eraikuntza prest egongo da suteen aurkako arriskuak eta ebakuazio bideak seguruak izan daitezen”. Horrelako berrikuntza lanek “beti sortzen dituzte enbarazoak”, eta obrek irauten duten bitartean, “hainbat zerbitzu birkokatu” egin beharko direla azaldu du alkateak.

Eraikina suteen aurkako neurrietara egokitzeko lan hauek, Zuhaizti egoitzan egiten ari diren berrikuntza proiektu zabalago parte dira. Lehen fasean, eguneko arreta zentroa egokitu zen hirugarren solairuan, eta 2. igogailu bat jarri zen, eraikinaren erabiltzaile kopurua kontutan izanda. Behin lanak bukatutakoan, eguneko zentroa eta eguneko arreta zentroa, biak kokatuko dira hirugarren solairuan.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image