Image
Image

Errepideko konponketa lanak, bi fasetan

Errepideko konponketa eta asfaltatze lanak bi zatitan banatuko dira. Gaur hasi dira herrian zehar dauden konponketa tximiak, besteak beste, Tximista ingurua, Gudarien etorbidea, Filipineta eta San Joango rotonda. 25.000 euro bideratuko dira horretara, eta esleipena ORSA enpresak irabazi du.

Irailean hasiko dira berriz ere asfaltatze lan sakonak eta horretarako 155.000 euro izango dira. Besteak beste, Oianguren kalea; Goierri eta Joseba Rezola pasealekua; Iturtxo, Arana eta Amerika kaleak; Nafarroa Etorbidea; San Bartolome ingurua; Filipinak eta Gernikako pasealekua hobetuko dira.

Asteburuan Fray Andres ingurua oinezkoen gune izango da

Ordiziako ikastetxeek ikasturte amaierako egunak ospatuko dituzte asteburu honetan, Jakintzak 17 ostiralean, eta Urdanetak  18 larunbatean.

Jarduerak plazatik frontoiraino  zabalduko direnez Fray Andreseko eremua itxi egingo da egun horietan.

Itxiera horiek baliatuta, Donostiako EHU Arkitekturako Eskolako 5. mailako ikasleek, eremuaren inguruan egindako azterlanak erakutsiko dituzte, eta hirigintza taktikoko laborategia burutuko da oinezko eremuan.

Alde Zaharra ez da itxiko, baina Etxezarreta kaleko irteera mantenduko bada ere, eta Santa Maria eta Kale Nagusitik Euskal Herria kaletik gora atera beharko da.

Foruen Pasealekua ostiralean 14:30etatik 22:00etara eta asteburuan 9:00etatik 22:00ak arte itxita egongo da. Itxita dagoen bitartean Gudarien Etorbideko aparkalekuek bi noranzkoetan funtzionatuko du, Zuberoa kaleko bidegurutzetik sartu eta irtenda.

Arazoren bat suertatuko balitz deitu udaltzaingora mesedez 943805616.

 

Espazio publikoa eraldatzeko laborategia egingo da asteburuan Ordizian

Ordiziako ikastetxeek euren egunak ospatuko dituzte asteburu honetan, Jakintzak, ekainak 17, ostiralean, eta Urdanetak, ekainak 18, larunbatean, eta herri gunea haurrez beteko da. Horregatik asteburu honetan proposatzen da espazio publikoa eraldatzeko laborategia.

Ekitaldiak plaza, frontoia eta Zuhaizti (Arboleda) artean egingo dira eta horregatik asteburu hau aukeratu da Donostiako Arkitektura Eskolan Koldo Telleria eta Irati Otamendik daramaten 5. mailako Gune Irekien Antolakuntza eta Hiri Ekipamenduak ( https://sites.google.com/view/auzo-sorkuntza ) ikasgaiko 9 ikasleek 3 lan-taldeetan garatu dituzten proposamenak ordiziarrei erakusteko.

“Unibertsitatetik Udalarekin jarri ziren harremanetan ikasleekin burutu behar zituzten proiektuak espazio eta egoera errealetan oinarritu nahi zituztela adierazi eta Ordizian espazio publikoaren lanketa egiteko proposamenarekin. Udaletik Ordizia ezagutzera gonbidatu genituen, herria erakutsi genien, zeuden espazio publiko ezberdinak ikusi zituzten, proiektua non garatu nahi zuten erabakitzeko”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Gauzak honela, “Barrena inguruko espazioa lantzea proposatu dute ikasleek, Nikolas Lekuona plaza, Fray Andres eremua, frontoia, Zuhaiztia, baina bata Barrena parkea, Gudarien etorbidea eta Jose Migel Barandiaran enparantza hartzen dituen espazio publiko osoa, alegia. Espazio publiko hauek elkarren ondoan daude, baina era berean oinezkoentzat elkarrengandik aldenduta era bai. Horregatik, orokorrean proposamena da, poliki-poliki espazio publiko hauek euren artean josten joatea, oinezko espazio jarraiak bilaka daitezen”.

Hala ere, proba bat izango da asteburuan egingo dena: egindako hausnarketa eta lanketaren ondoren, Arkitektura Eskolako ikasleek laborategi bat egitea proposatu zuten. Modu honetan, inolako eraldaketarik egin baino lehen, ordiziarrek aukera izan dezaten espazio horiek elkarrekin batuta eta oinezkotuta, nola funtzionatzen duten ikusteko.

“Nagusiki egingo dena da eraldaketa taktikoa, hirigintza taktikoa. Ehin betiko aldaketa eta gastua egin aurretik, herritarrei erakutsi beti kotxez inguru bat, aurrekontu gutxi eta moldaketa azkarrekin, beste bizipen bat izateko aukera eman nahi zaio herritarrari”, zehaztu du Telleriak. Proba hori asteburu honetan egingo da, espazio horretan ikastetxeetako eskolak ibiliko direla probestuta.

Aldaketa trafikoan

“Fray Andres inguruko asfaltuzko espazio zabala kolorez margotuko da, oinezko izaera autoen errepideen gainetik gailendu dadin. Pintaketa lan batzuk behin betikoak izango dira, eta beste batzuk ikasleek margotuko dituzte ostiralean eta larunbatean, elikadura koloranteekin egindako margoekin, baina parte-hartze deialdia herritarrentzat ere zabaldurik dago. Herritarrena da espazio publikoa, eta eraldaketan beraiek protagonista izatea nahi dugu”, gehitu du Otamendik.

Arkitektura eskolako ikasleak ostiralean 16:00etatik 20:00tara eta larunbatean 10:30-13:30 eta 16:00-19:00etara egongo dira.

Era berean, arkitektura eskolako ikasleek burutu dituzten hainbat altzari ekarriko dira, eremua oinezko espazio publiko bezala egokitzeko. Altzari horien artean, ikasleek landutako proiektuak azaltzen dituzten panelak egongo dira, eta ikasleen helburua da, proposamenak ordiziarrei azaldu eta erakustea herritarren iritzi ezberdinak jaso ahal izateko. “Guretzako oso aberasgarria da klasetik kanpo proiektu hau aukeratu ahal izatea. Ingurune hau herritarrek bere sentitzea nahi dugu, ikus dezatela bere osotasunean zein aukera dituen”, gehitu dute Mikel Idiakez eta Saray Hernandez ikasleek.

Fray Andres inguruko espazioa asteazkenetik astelehenera itxita egongo da, eta trafikoa ezingo da bertatik igaro. Horretarako, Alde zaharretik irteera Euskal Herria kaletik bideratuko da, eta Etxezarreta kaletik berriz, Gudarien etorbidetik behera.

Foruen Pasealekua eta Gudarien Etorbideko aparkalekuak ostiral arratsaldean eta larunbatean zehar beharren arabera hartuko dira, eta bi norabideetarako sarbideak antolatuko dira, hoteletik eta Aita Urdaneta etxaldetik sartu eta irten beharko baita bi eremuetara.

Eskola Agenda 2030eko udal audientzia egin da gaur

Eskola Agenda 2030eko Udal audientzia egin da gaur goizean. 15. Garapen Jasangarriko Helburuaren inguruko lanketa egin dute Oianguren, Jakintza eta Urdanetako ikasleek, hain zuzen ere, zelaiak, larreak eta landare-itsutasuna. Lanketa horren ondorioak, konpromisoak eta proposamenak elkarbanatu dituzte Adur Ezenarro alkate eta Maitane Alvarez alkateordearekin.

Egindako lanketako ondorioetako bat izan da belardietan jolasten asko gozatzen dutela eta bertan animalia ugari bizi direla. Alderdi txarrak ere ikusteko aukera izan dute lanketa honi esker, besteak beste, belardi batzuetan jendeak zaborrak botatzen dituela.

Herriko belardien inguruko kezkak ere helarazi dituzte, hala nola, azken hamarkadetan desagertu diren belardi eta larreei erreferentzia eginez.

Konpromisoak ere hartu dituzte udalerriko gazteek. Hain zuzen, “gutxiago kutsatuko dugu eta zaborra ez dugu lurrera botako”, izan da adierazitako konpromisoetako bat. Zuhaitzen landaketetan parte hartzeko prestutasuna adierazteaz gain, babesguneak eraiki eta zaintzeko asmoa erakutsi dute.

Udalak esker onez hartu ditu ikasleen ekarpenak. “Guretzako oso garrantzitsua da zuen ikuspegia. Udalak konpromiso irmoa du jasangarritasunarekin eta gure udalerriarekin, horregatik lanean jarraituko dugu. Besteak beste, hondakinei bigarren bizitza bat emateko kanpainak segiko dute eta baita zuhaitz landaketek ere. Zuoi ere eskatzen dizuegu zaborrak dagokion gunera botatzea, guztion artean herri garbiagoa egin dezagun”, zehaztu du Adur Ezenarro alkateak.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image