Image
Image

Eskola bidea sortu du Udalak ikastetxeekin elkarlanean

Ordiziako Udalak mugikortasun jasangarria ardatz du eta hori lortu eta bultzatzeko ekimen eta proiektu ezberdinak garatzen ari da, eta jarraituko du. Bide horretan, azken urratsa herrian zehar eskola-bidea margotzea izan da. Hala, herriko hainbat guneetan kolore desberdinetako oinatz batzuk margotu dira, eta elkartzeko puntu batzuk ere bai. Horiek izango dira Ordiziako eskola-bidea identifikatzeko elementuak.

“Proiektu honen helburua da ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko aukera izatea, eta espazio publikoaren erabilera berreskuratzea. Herriko bi ikastetxeek modu bateratuan egin dute proiektua Udaltzaingoarekin batera, eta ekimeneko partaide aktibo izan dira. Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasle gehienek ibilbide berdintsuak erabiltzen dituzte eta modu honi esker puntu horiek identifikatuta izango ditugu Ordizian”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak. Hain zuzen, elkargune eta ibilbideak margotzeko Udalak eredu bezala txantiloi batzuk prestatu ditu eta bi ikastetxeetako ikasleek txantiloi gehiago egin dituzte. Udal langileek txantiloi hauek erabiliz kaleetan eskola bidea margotu dute.

Horrez gain, Maitane Alvarez alkateordeak gaineratu du eskola-giroan “mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkorra” dela herritarrak “txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari ekartzen dizkion onurez”.

Mugikortasun jasangarri bat lortzeko bidean Udalak hainbat ekimen ere martxan jarri ditu, besteak beste, oinezkoari lehentasuna emateko espaloietan belarriak izeneko eremuak sortu dira eta sortuko dira, eta zebra bideak oinezkoen mailara igo dira, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Bestalde, Ordiziako Mugikortasun Plana berritzen ari da, jasangarritasunari lehentasuna emanez.

Etxebizitzetan eraginkortasun altuko birgaitzea lortzeko saio praktikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzera eta bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako tailerra antolatu du azaroaren 11an, 18:00etan ,Barrena jauregian.

“Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko” izeneko tailerraren helburua bizitegirako diren eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea da, beti ere, modu erraz eta ulergarrian.

Eraginkortasun altuko birgaitzeak herritarren bizi-kalitatean eragiten du, ondorengo arrazoiengatik:

  • Aurrezpen ekonomikoa handituko da, energiaren kontsumoa gutxituko baita: isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere.
  • Bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dute: hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta ondorioz, patologiak ekidinez.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, azaroak 9a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 605757687
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2021 urtea amaitu aurretik, etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzera bideraturiko tailerrez gain, Gipuzkoako udalerrietan beste hainbat tailer ere eskainiko dira, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:

  • Etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu
  • Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!
  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak

Tailerrean beharrezkoa izango da ezarrita dauden osasun eta higiene baldintzak betetzea, beraz, une oro musukoa erabili beharko da.

Aldaketak autobus zerbitzuko geltokietan

Abuztuaren 26tik honako aldaketak daude indarrean:
- Bi autobus geltoki berri egongo dira: bata Bizkaia Pasealekuaren hasieran, eta, bestea, Joseba Rezola pasealekuaren amaieran.
- Gudarien Etorbideko bus geltokia baliogabetua izango da eta bertan ez da autobusa gehiago geldituko.

Arana kalean irisgarritasuna hobetu da

Oinezkoen irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko asmoz, Arana kalean obra berri bat egin da. Espaloia luzatu egin da eta modu honetan, oinezkoek ikusgarritasun hobea izango dute bertatik gurutzatzerako orduan.

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image