Image
Image

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK ETA ORDIZIAKO UDALAK LURRALDEKAR SISTEMA BERRITZAILEA BULTZATZEKO PROTOKOLOA SINATU DUTE

2015 05 04 lurraldekarHerritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea da proiektuaren oinarria

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Udalak autoa partekatzeko sistema berritzaile bat bultzatuko dute. Lurraldekar proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. Partekatze hori ez da bidaia batzuk elkarrekin egitea, baizik eta autoa bera hainbat lagunek erabiltzea. Hau da, auto jabeak, autoa gutxi erabiltzen duelako-edo, beste erabiltzaile batzuen esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastu guztiak, bakoitzaren erabileraren arabera. Ordiziakoak ez ezik, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek bat egin dute proiektu honekin, eta gaur bertan horren inguruko protokoloa sinatu dute guztiek.

INFORMAZIO PANEL BERRIAK JARRI DIRA OIANGUN

2015 04 30 panelaParkearen natur balioa herritar zein bisitariei gerturatzea dute helburu

Oiangun dauden altxor naturalak ezagutzera emateko helburuz panel berriak jarri ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak parkean barrena, Ordiziako Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren harira. Informazio orokorra jasotzen duen panela, Oianguren biodibertsitatea islatzen duena eta Altamirako putzuari dagokiona jarriak daude dagoeneko, eta datozen egunetan laugarren bat jarriko da, Zuhaitz lepatuena. Panel horiek osatzeko aurrez Oiangun zeuden panelen egurrezko egiturak aprobetxatu dira ahal izan den neurrian.

MAIATZAREN 9AN JARRIKO DA MARTXAN GOIERRIKO AUTOBUS ZERBITZU BERRIA

2015 04 29 lurraldebusOrdizia, Lazkao eta Beasain artean 15 minuturo izango dira loturak

Maiatzaren 9an jarriko da martxan Goierriko autobus zerbitzua berria. Zerbitzu berrian 1.376.534 kilometro egingo dira, erabiltzaileek eskaripeko zerbitzu guztiak eskatzen badituzte –orain halako bost-. Lineak egokitu edo berriak sortu dira: Goierrin hasten edo bukatzen diren 10 linea daude eta eskualdetik pasatzen den beste bat. Ordizia, Lazkao eta Beasainen artean, esaterako, 15 minuturo izango dira loturak. Aldaketa guztiak ezagutzera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzua eskainiko duen enpresarekin batera, informazio kanpaina bat abiatuko du, eta besteak beste, zerbitzu guztien berri ematen duen foileto bat banatuko du etxe guztietara. Informazio guztia www.lurraldebus.eus webgunean eskuratu daiteke.

GOIERRIKO LINEA BERRIAK ETA ORDUTEGIAK (PDF)

OIANGUKO HABIA-KUTXEN JARRAIPENA ETA HEGAZTIEI ERAZTUNA IPINTZEKO SAIOAREN KRONIKA

2015 04 27 hegaztiakZazpi hegazti espezieri eraztuna ipintzeko aukera izan dute bertaratuek

Iazko udaberrian Oiangun jarritako habia-kutxei jarraipena egin, eta hegaztiei eraztuna ipintzeko saioa egin zen atzo goizean Oiangun. Eguraldi euritsuaren eraginez jende asko inguratu ez bazen ere, jardunaldia bera "arrakastatsua" izan zela adierazi dute Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologoek, zazpi hegazti espezie eraztuntzeko aukera izan baitzuten: zozo emea, kaskabeltz arra, txantxangorria, garrapoa, txonta arra eta emea, erregetxo bekainzuria eta birrigarroa. Txepetxa ere harrapatu zuten, baina ihes egitea lortu zuen. Habiak ere aztertu zituzten, eta horietako askotan arraultzak zeuden, eta beste batzuetan habiak egiten ari ziren. Horietako batetik amilotxa atera zen. Partaide guztiei parkeetako hegaztiak identifikatzeko gida bat banatu zieten.

SAIOAREN ARGAZKIAK (FLICKR)

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image