Image
Image

SANTANAZALEEN BILERA

Santanazaleen egunari buruz informazioa emateko ekainaren 27an, osteguna, 19:00etan, Barrena kultur etxean bilera bat egingo da. Bilerara 2018ko uztailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitartean ezkondu diren edo ezkondu behar diren bikoteak daude gonbidatuta.

“NIKOLAS LEKUONA” VIII. ESTATU MAILAKO ARGAZKI LEHIAKETAREN ERAKUSKETA BARRENAN

Maiatzaren 31tik ekainaren 14ra.Inaugurazioa ETA SARI BANAKETA: Ostirala, maiatzaren 31, 19:00h.  Maiatzaren 31tik ekainaren 14ra Barrena Kultur Etxeko Erakusketa aretoan  “Nikolas Lekuona ViIII. estatu mailako argazki lehiaketan aukeratutako lanak izango dira ikusgai. Erakusketa ohiko ordutegia izango du: Astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 6etatik 8etara (Igandetan eta jaiegunetan itxita). Inaugurazioa eta sari banaketa ostiral honetan egingo da, arratsaldeko 19:00etan.

Argitaratutako katalogoan Elkarteko lehendakariak, Aitzol Arruabarrenak, horrela aurkeztu du erakusketa:          

     Heldu gara zortzigarrenera! Beste urte batez, ORTZADAR ORDIZIA Argazki elkarteak, “Nikolas Lekuona” Argazki lehiaketa nazionala prestatu du. Lehiaketetako eremuan egonkortzen ari den lehiaketa da. Esateko modukoa da aurten parte hartzeko atzerriko lehiakideen eskaerak ere jaso ditugula, baina atsekabe handiz atzera bota behar izan ditugu. Askotan behar adina nabarmentzen ez den lan honi ezin aitortza handiagorik egin!

Datu hotzei begiratuz gero, 45 lehiakide baino gehiagoren 164 lan aurkeztu dira eta aurreko urteko partaidetza jeitsi da. Dena den arren, argazki lehiaketak digitalizatzen dabiltzan aro honetan, paperaren aldeko apustua egitea, erabaki egokia izan da. Hori dela eta, zortzigarren edizio hau, ezin dugu beste era batean neurtu, positiboki baloratzen dugu. Gure asmoa da argazkiak modu honetan aurkeztearen aldeko apustua egiten jarraitzea eta etorkizun hurbilean sorpresatxoren bat emateko lanean gabiltza.

Beti bezala, katalogoa motz geratu zaigu eta aurkeztutako lanen kalitateak nahi ez genuen aukeraketa bat egitera behartu gaitu. Aktak jasotzen duen moduan, epaimahaiak, eztabaida zabal eta gogor baten ostean sarituak hautatu ditu. Hau bai plazerra, epaimahaikideen lana bertatik bertara ikustea! Guk ikusi ere egiten ez ditugun zenbat puntu eta xehetasun aztertzeko gai diren!

Lerro hauen bitartez irabazleak zoriondu, eta parte-hartzaile guztiak agurtu nahi ditugu. Era berean, lehiaketa hau aurrera ateratzeko laguntzaile izan ditugun instituzio, erakunde laguntzaile eta norbanakoei gure esker ona azaldu nahi diegu, haiek gabe ezinezkoa bailitzateke hau aurrera eramatea. Mila esker denoi.

Amaitzeko, argazkilaritza gustuko duzuen denoi, datorren urteko 9. Edizioan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Erakusketaren katalogoa ikusteko sakatu hemen

LAZKAO TXIKI XXVIII. BERTSOPAPER LEHIAKETA ABIAN

Uztailaren 1ean bukatzen da lanak aurkezteko epea

Ordiziako Argi Berri elkarteak Ordiziako Udalaren laguntzarekin antolatutako Lazkao Txiki XXVIII. Bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute dagoeneko. Hiru mailatan banatzen da lehiaketa: gaztetxoena (13 urte arte), gazteena (14-18 urte) eta helduena (18tik gora). Lanak uztailaren 1aren aurretik aurkeztu behar dira, eta sari banaketa ekitaldia Euskal Jaietan izango da, irailaren 15ean.

Parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Hiru mailetan bertso idatzien neurria eta doinua librea da, baina gaietan dago aldea. Gaztetxoek "NIK BIRZIKLATU, ZUK ZERGATIK EZ?" 'gaiari buruzko bertsoak jarri beharko dituzte (gutxienez 2 bertso eta gehienez 4), eta beste bi mailetakoentzat gaia librea izango da (gutxienez 8 bertso eta gehienez 12). Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak.

OINARRIAK

ARZAK, D'ELIKATUZEN

Umorea barne, sei zentzumenen bidez egiten den ibilbidea egin daiteke zentroan

D´elikatuz Zentroak “Arzak, mundu osoa 4 koloretan margotua” erakusketa hartu du bertan. Juan Mari Arzak-en figuraren eta goi sukaldaritzaren sentsazioen bitartez Euskal Sukaldaritzan zehar ibilbide bat bere alderdi artistikoenetik. Bost zentzumenak gehi bat jasotzen dituen ibilbidea: ikusmena, dastamena, entzumena, usaimena, eta ukimena eta seigarrena UMORE-SENA.

Erakusketari hasera emango diogu D´elikatuz Zentroko erabilera anitzetako gelan, non gure lurrarekiko gustuari eskainitako gunea aurkituko dugun, oleo gainean Hasier Etxeberriaren testuekin, eta 70. Hamarkadatik 2015era Arzak-en plater esanguratsuenen erakusketa batekin. Arzak-en esanetan munduko beste tokietatik desberdintzen gaituen bakarra lau saltsa dira: satsa gorria edo bizkaitarra, perexilaren saltsa berdea, saltsa zuria edo pil-pila eta txipiroi tintaren saltsa beltza.  Arzak-en sukaldeko mahaiaren erreplika baten gainean, Arzak Jatetxeko sukaldeko eguneroko jardunaren zuzeneko grabaketa bat proiektatzen da. Juan Mari Motero eta rockeroa ezagutzeko aukera ere izango dugu,  80. Hamarkadako pop rock musikako binilo disken  karatulen bitartez. Munduan zehar egin dituen hainbat bidaietan jasotako sukaldaritzarekin lotutako latorrizko jostailu eta tramankuluak ere ikusgai daude.   

Bisitarekin jarraituko dugu lehen solairurako eskailerak igoz, non bere jatetxean izandako jankide famatuen argazkiak eta bizipenen ingurukoak ikus daitezken 

Lehen solairuan, EITBk Arzak-en sukaldaritzari buruz 2006an ekoitzitako Hasier Etxeberriaren “El mundo es una casa” dokumentala proiektatzen da.  Chillida, Andres Nágel edo Laura Esteve bezalako artistek diseinatutako jatetxeko kartak ere ikus daitezke. Arzak, abangoardiako artearen ezagule ona izaki, beti izan ditu bidelagun diziplina desberdinetako artistak bere sorkuntzak lagundu, nabarmendu edo zabaltzerako orduan. 

Jankide gehiagoren argazkiak ikusten jarraitzen dugu, hauetariko gehienak Donostiako Zinemaldiaren altzoan Arzak-enean izandakoak. Horrela bigarren solairura helduko gara, non arrautza frijitu ilara batek (Arzak-en plater gustukoena arrautza frijitua pikilo piperrekin da) gosearen gunera bideratuko gaituen. Bertan Arzak bidelagun duen Zaporeak ONGaren jardueraren berri ematen da, argazki eta bestelakoen bitartez. Bihotzaren ukimena da.

Baino oraindik, erakusketak sorpresatxo bat du gordea, ondoko gela ilun batean. Bertan ardoaren ukimenaren gela aurkituko dugu, askotan nahiago baitugu testura zaporea baino. Orain, erakusketa bisitatzea besterik ez zaizue gelditzen, ekainaren 15 arte D´elikatuzen.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image