Image
Image

Igande honetan Astronomia Gaua egingo da Oiangun

Azaroaren 22an Astronomia gaua antolatuko da Oiangun. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen dute 7. urtez segidan. Herrian arrakasta handiko ekintza da, non haur, gazte eta helduak hurbiltzen diren zeruko eta unibertsoaren inguruko jakinminak asetzera.

Bi saio antolatu dira eta egungo egoerari egokitutako segurtasun neurriak bermatuko dira. Egoera meteorologikoak laguntzen ez badu, bi saioak bertan behera geratuko dira.

17.30-18.30. Unibertsoaren sorreraren aurkezpena. 6-12 urte.

Aurkezpen honek, modu erakargarri eta gertukoan Big Bangaren teoria azaltzea du. Unibertsoan, ez argirik eta ezta berorik ere zegoen garaietara eramango gaitu eta, pixkanaka, salto erraldoiak emanez gure planetaren sorreraraino iritsiko gara. Milioika urte ordu batean azaltzea ez da lan samurra, baina hainbat esperimentu eta adibide sinpleekin ezezagunak diren kontzeptu eta egoerak ulertzen ahaleginduko gara. 

Aurkezpen honen sortzailea Maria Montessori pedagoga izan zen eta denborak aurrera egin ahala hainbat aldaketa jasan dituen arren bere xarma guztia darama hasieratik amaierara. 

Aurkezpenean astronomia, geologia, eta beste hainbat gaiei buruzko zertzeladak emango dira. Horietan sakontzea zaila izango den arren azaltzen diren interesak etxean asetzea gomendatzen dugu. 

Edukiera: 10 pertsona

Gonbidapena beharrezkoa da.

Partehartzaileek gonbidapena bibe.me plataformaren bitartez lortu dezakete.

19.00-21.00. Behaketa astronomikoa.

Aranzadiko Astronomia saileko kideek gau honetako zerua proiektatuko dute pantaila batean. Honi esker zeruko elementu ezberdinak ikusi ahal izango ditugu: izarrak eta konstelazioak, Ilargiaren kraterrak, Jupiterren sateliteak, Marteko gainazala, Saturnoren eraztuna eta beste zeruko elementu batzuk. Azken hau eguzkiaren argia desagertzearekin batera hasiko da, gaueko 19.00etan hain zuzen ere.

Edukiera: 20 pertsona

Gonbidapena beharrezkoa da.

Partehartzaileek gonbidapena bibe.me plataformaren bitartez lortu dezakete.

Zurrumurruen aurka batu da Ordiziako Udala

“Ordizia betidanik izan da harrera herria eta udalarentzat garrantzitsua da horrela izaten jarraitzea, gurera datozenak ongietorriak eta gure herriko kide aktibo sentitzea da gure helburu nagusia”, agertu du Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotziak.

Duela urte batzuetatik hona, asko dira Ordizia bizileku bezala aukeratu duten pertsonak eta dagoeneko atzerriko jatorria duten komunitateak osatuta daude herrian. “Guretzako, garrantzitsua da, bakoitzaren ohitura eta kultura ere ezagutzea eta gurean integratzea, Ordizia herria kolore biziz osatua dagoen komunitate anitz moduan irudikatuz”, gehitu du.

Ordiziako datuei erreparatuz, atzerriko jatorria duten pertsonek, Ordiziarren %18a osatzen dute gutxi gorabehera. “Horrek esan nahi du, gure herria hizkuntza eta kultur aniztasunaz gozatzeko aukera dugula urrutira mugitu beharrik gabe, eta hori altxor bezala bizi behar dugula sentitzen dugu”, azaldu du zinegotziak. Besteak beste, Errumania, Maroko, Pakistan, Nigeria, Ekuador eta Nicaraguakoak dira.

Ordiziako Udalarentzat oso garrantzitsua da Ordizian bizi diren pertsona guztiak bizitza errespetuz eta duintasunez garatzea, eta hori hala izaten jarraitzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dutela zehaztu du Jimenezek.

Gainera, Aniztasun Sailarekin batera, Ongi Etorri Ordiziara harrera plana garatzeko lanak hasia dira, eta aurretik dauden proiektuen berrikusketa eta etengabeko hausnarketan dabil Udala lanean.

Azaroa hilabete berezia izan ohi da, aste kulturala ospatzeko ohitura izan delako urteetan zehar, eta horien artean ekimen nabarmenetako bat izan ohi da Beti Alai pilotalekuan egiten den munduko arrozen bazkari herrikoia. Aurten egoerak, zoritxarrez, hau ere bertan behera utzi beharra izatea ekarri du, baina, badaude beste hainbat ekintza; horien artean, Zurrumurrurik ez! Kanpaina.

Bi hitzaldi

“Oso ohikoa da ezezagunaren aurrean zurrumurruak sortzea, eta horiek elkarbizitzarentzako oztopo besterik ez dira”. Udaletik, kanpaina honetan alea jarriko da, bi hitzaldi mota antolatu dira. Batetik, ostiral honetan modu itxian, Udal langileek, zinegotziek eta herriko zenbait eragilek, hala nola hezkuntzan, enpleguan, osasunean… lanean dabiltzanak formazio hitzaldia jasoko dute Generoa eta biolentzia matxista izenekoa, bertan atzerritartasun legea eta genero indarkeriaren aurkako legea landuko da besteak beste.

Eta asteazken honetan, azaroaren 18an, berriz, saio irekia burutuko da Barrena Jauregian, hau streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da (https://eu.bbcollab.com/guest/7a7881c847d1444b99e5c219c0e9cba3). Atzerritar jatorriko biztanleak Ordizian eta EAEn izenburupeko hitzaldi batean, bertako eta EAEko datuak aztertu eta azalduko ditu Oier Ochoa Aspaburu Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal behatokiko kideak.

“Dei egiten dizuegu Ordiziaz guztioi bertan parte hartzera eta elkarrekin Ordiziako komunitate anitza marrazten jarraitzera”, amaitu du Jimenezek.

Abiatu da Zuberoa kale azpiko 13 aparkalekuren emakida

Zuberoa kaleko bidearen -1 eta -2 sotoko solairuetan dauden jabetza publikoko eta udal titulartasuneko 13 aparkalekuren emakida egingo du Udalak. 50 urteko iraupena izango du emakidak. Prezioa: 13.222 € gehi dagozkion zergak. Urteko kanona 15,18 € zeina KPIaren arabera eguneratzen joango den. Eskaerak aurkezteko azken eguna azaroak 24 izango da eta eskaerak Udal Arreta Bulegoan aurkeztu ahalko dira, baita 39/2015 Legeko 16.4 artikuluak araututako moduetan ere.

Oharra: Lehenbizi 2018ko emakidatik sortutako itxaron-zerrendako interesatuei eskainiko zaizkie garajeak.

Informazio gehiago nahi izanez gero deitu 943 80 56 36 telefono zenbakira.

Administrazio pleguak

Eskaera orria

Zerrenda eta planoak

KZgunea bihar zabalduko da, Torrea eraikinean

Ordiziako KZgunea Santa Maria kaleko 4. zenbakiko Torrea etxera eraman dute. Zentroa azaroaren 12an irekiko da eta honako ordutegia izango du: 9:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera.

KZguneak gela bakarra du nabigaziorako eta formakuntzarako. Bertan, formakuntzarako 8 ordenagailu eta nabigaziorako 3 daude erabilgarri. Gaur egun, Covid-19aren ondoriozko segurtasun- eta higiene-neurriak mantentzeko, erabiltzaileek 4 ekipo bakarrik erabili ahal izango dituzte.

Halaber, zentroak inprimagailu bat du behar dutenentzat (gehienez 5 inpresio eguneko eta erabiltzaile bakoitzeko), bai eta proiektagailu bat ere, formakuntza-plataformaren edukiak eta KZguneko ikastaroak emateko erabiltzen diren beste web-baliabide batzuk ikusteko. Azkenik, KZguneak WiFi konexioa ere badu prestakuntza-saioetan erabiltzeko.

Bestalde, harremanetarako telefono-zenbakia 943 023 673 da oraindik ere, eta erabiltzaileek bertara deitu behar izango dute telefono bidezko hitzordua eskatzeko eta, horrela, zentrora bertara joateko (aurretiko hitzordua KZgunearen webgunetik ere kudea daiteke, hemen klik eginda).

Era berean, Ordiziako KZguneak datorren azaroaren 16an ekingo dio aurrez aurreko formakuntzari. Oraingoz, katalogoan eskuragarri dagoen ikastaroren bat egin nahi duten erabiltzaileek itxaron-zerrendan eman beharko dute izena, www.kzgunea.eus webgunearen bidez edo telefonoz.

Azkenik, gogoratu zentrora joaten diren pertsona guztiek maskara eraman behar dutela. Izapideren bat egin behar dutenek boligrafo bat eraman beharko dute berekin dokumentuak sinatzeko. Gainera, beste segurtasun-neurri batzuk ere errespetatu beharko dira, hala nola, eskuen higienea gel hidroalkoholikoarekin eta segurtasun-distantzia mantentzea.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image