Image
Image

Pedro Gaztañagaren 'Punctum' erakusketa zabalik

Urtarrilak 12, ostirala, 19:00tan, Pedro Gaztañaga margolari ordiziarraren erakusketa irekiera ekitaldia izango da Ordiziako Barrena kultur etxean. PUNCTUM du izena erakusketak. Punctuma nostalgia, larritasuna, mina edo plazera eragin ditzakeen emozioen eta oroitzapenen integrazioa da; iraganeko gertaerak ekartzen ditu gogora (atseginak edo desatseginak), gure mundu emozionala mugiarazten dutenak eta horren inguruan jarduten dutenak.

Erretratu bilduma bat da erakusketa, artistaren ezagun eta bere ingurukoek osatua. Frantziako edo Estatu Batuetako bizitza modernoari buruz duten ikuspegia partekatzeko modu gisa miresten duen jendearen benetako erretratu dardartiak dira.

Bildumak hainbat zati izango ditu, zeharkakoak eta elkarren artean nahasten direnak: gizonezkoena (ez nahitaez), "The REAL GENTLEMEN 'S CLUB" izenekoa; emakumezkoena (ez nahitaez), "She SAVED THE WORLD TODAY" izenekoa; eta "Komorebi" izenekoa. Formatu handiko koadroak dira, eta teknika mistoarekin margotuak: pintura akrilikoak eta olio-pintura. Eguneroko objektuekin marrazten eta margotzen ditu bere ereduak artistak, intimitate erlatiboko inguruneetan, irakurtzen eta abar; askotan, etxeko espazioetan eta erlaxazio edo ikuspegi lasaiko lekuetan irudikatzen ditu. Leihoek liluratzen dute artista, duten hizkuntza poetikoagatik eta sinbolismo osoagatik.

PUNCTUM erakusketaren ibilbidea hurrengo hau izan da: 2021en Zarauzko Torre Luzean, 2022an Andoaingo Basteron, 2023an Zumarrago Zelai Ariztin eta oraingoan Ordiziako Barrenan.

Urtarrilak 12-tik hasita otsailak 9-arte egongo da erakusketa ikusgai, Ordiziako Barrena kultur etxean. Astelehenetik ostiralera 09:00-tatik 19:00-tara. Larunbat eta igandetan itxita.

Pedro Gaztañagaren Curriculum laburtua:

  • Ordizian jaioa 1967an.
  • Arte Ederretako bere ikasketak 1990ean bukatu zituen.
  • Gaur egun Donostiako Usandizaga BHIko batxilergo artistikoan irakasle bezala lan egiten du.
  • Giza irudian eta erretratuan espezializatua, enkargu ugari egiten ditu partikular eta erakunde ezberdinei.
  • Taldeko zenbait erakusketen ondoren, bere lehen banakako erakusketa 1997n egiten du, “Soinuetatik, operari eskainia.
  • 1998 eta 2002 urteen bitartean “Supermercado de Arte” aritu zen, Bilbo, Bartzelona eta Madrilen.
  • “Ezkutuko Lorategiak”, bere aurreko erakusketa, Donostian izan zen 2011n.
  • “SENSES: Adam&Eve” Erretratu biluzien bilduma bat zen. Lan hauen erakusketak Durangoko Ezkurdi erakustaretoan, Bergarako Aroztegin eta Ordiziako Barrenan izan ziren 2016 eta 2018 artean.

Goazen 10.0 kontzertua antzezlan musikala martxoaren 9an eskainiko da

 Go!azen 10.0 kontzertuak antzezlan musikala eskainiko da martxoaren 9an, 16:30ean eta 18:30ean, Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak astelehenean, urtarrilak 15, jarriko dira salgai kutxabank.eus webgunean 10:00etatik aurrera. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da.

Olatz & Iñaki Salvador, eta Ekeko el Perro-ren kontzertuak

Olatz & Iñaki Salvadorren, eta Ekeko el Perro taldearen kontzertua eskainiko da urtarrilaren 7an, Herri Antzokian, 18:30ean. Doakoa izango da, baina gonbidapenak Herri antzokian hartu behar dira.
Urtarrilak 2: 11:30-14:00 eta 18:00-19:15
Urtarrilak 4: 11:30–14:00.
Urtarrilak 6: 19:00-19:30 eta 21:30-22:00.
Urtarrilak 7: 18:00 -18:30.

Urtarrilaren 12an hasiko da Antzerki Garaia

Antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzen jarraitzea du helburu Beasaingo eta Ordiziako Udalen arteko elkarlanari esker XXXgarrenez antolatu den “Antzerki Garaia” egitarauak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi udaletako kultura sailek.

Beasaingo udaletxean egindako aurkezpenean, bi udaletako ordezkariak izan dira edizio berri honen xehetasunak azaltzen. Lankidetza honen helburuak aurreko ekitaldietako berberak izaten jarraitzen dute: batetik, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatzea; eta bestetik, publiko berria erakartzea, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea.

Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira.

Sarrerak eta abonuak

Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bi izango dira soilik gaztelaniaz eta bat elebitan. Sarrerak 12 euroan izango dira salgai emanaldi bakoitzeko eta denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa izango da. Hau erosteko epea urtarrilaren 9a arte egongo da zabalik.

Abonuarekin, egitarauko emanaldi guztietara sartzeko aukera izango da Ordizian edo Beasainen izan. Edozein aldaketari buruzko informazioa jasoko dute, baita urtean zehar beste obra batzuen programazioari buruzkoa. Gainera, antzezlan guztietarako udalerri bakoitzeko antzokian esleitutako eserlekua mantenduko da.

Salmenta lekuak, Ordizian Herri Antzokiko leihatilan astearte eta ostegunetan 11:30-14:00 eta asteartean 18:00-19:15, eta Beasainen Usurbe antzokia izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.

Programazioa

Ordiziako Herri Antzokian zabalduko da esan bezala 2024ko “Antzerki garaia”ren egitaraua. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.

Urtarrilak 12: “Obsoletus” (euskaraz) Herri Antzokian (Ordizia). Zuzendaria: Pako Revueltas. Antzezleak: Aiora Sedano, Juanjo Otero, Aitor Fernandino.

Urtarrilak 19: “Baginaren bakarrizketak” (euskaraz) Usurbe antzokian (Beasain). Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain.

Otsailak 9: “Almazenean” (euskaraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Zuhaitz Gurrutxaga, Iker Galartza.

Otsailak 16: “Búho” (gaztelania) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Diego Lorca, Pako Merino. Antzezleak: Diego Lorca, Pako Merino. 

Martxoak 1: “Posdatarik gabeko gutunak” (euskaraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria: Getari Etxegarai. Antzezleak: Kepa Errasti, Nerea Ariznabarreta.

Martxoak 15: “Esnearen kolorekoa” (euskaraz) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Fernando Bernués. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramón Soroiz.

Apirilak 5: “Sexpiertos” (gazteleraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria:Mireia Gabilondo. Antzezleak: Telmo Irureta, Miren Arrieta.

Apirilak 12: “La sed del minotauro” (elebiduna) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Alex Gerediaga. Antzezleak: Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Miren Gaztañaga/Leire Ucha, Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. De Jáuregui.

Antzerki garaiaren esku-egitaraua Beasain eta Ordiziako etxeetan banatuko da eta bi antzokietan ere eskuratu daiteke.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image