Image
Image

'Botadun katua' antzerki musikatua, igandean

Glu Gluk Katu botaduna-ren bertsio berritua proposatzen du, non maitagarrien ipuin klasikoaren berezko abentura eta desabantailez gain, gainditzeko gaitasunaren, iraunkortasunaren eta adimenaren garrantzia eta aukera izugarriak transmitituko diren, baita belaunaldi ezberdinen arteko kultur transmisioaren balio izugarria ere. Bertsio berritu eta eguneratu honetarako, Glu Glu taldearen oinarrizko ahalegina den bezala, maitagarrien ipuinen elementu sexistek ez dute lekurik izango.

Amona batek errota zaharreko trasteak banatuko ditu iloben artean herentzia gisa eta proba modura: umeetako bakoitzak gazteluko ateak irekitzea lortu beharko du jaso duen elementuaz baliatuta. Gazteluak aspaldi galdu zuen magia. Amonak ez du bere ilobek magia galtzerik
nahi eta jolas honekin iloben irudimena eta kemena piztuko ditu. Amonak dioen moduan, ezina ekinez egina!

Abrakuk, iloba gazteenak, jasotako bota zaharrei esker ezagutuko du katua, Botadun Katua. Elkarrekin ipuin zaharrak eta tradizioak jasoko dituzte herri inguruan. Arbasoen ondare kulturala eta ohiturak jasoko dituzte. Kultura-transmisioaren magiak, beharbada, gazteluko ateak irekiko ditu berriz.

Charles Perraultek jasotako “Botadun Katua” ipuin klasikoaren moldaketa honetan, kantu eta dantzaz betetako antzezlan komikoaz gozatzeko aukera izango da. Abentura eta jolasen bidez, ikusleak ipuin zaharren berreskuratze lanaren parte izango dira, denok elkarrekin, ipuin klasikoei merezi duten omenaldia egiteko.

Gazteluko ateak zabalduta eta magia berreskuratuta, sekulako festa ospatuko dute amamak eta ilobek gazteluan. Gainera, gazteluko festan gorrazarre egingo diete ipuin, kantu eta margo zaharrei. Lanaren eta konstantziaren aldeko ospakizuna izango da, baita inoiz ahanzturan galdu behar ez diren gertaerena ere.

Antzezleak: Andrea Covadonga, Sara Barroeta, Jon Casamayor, Sandra Fernández Aguirre izango dira eta ikuskizuna euskaraz izango da.

Esti Markezen 'Hitzekin jolasean' lana aurkeztuko du ostegunean

Duela bi urte bere aita Mikel Markezekin batera “Azalberritzen” diskoa argitaratu ondotik, Esti Markezek bakarkako bideari ekin dio. “Hitzekin jolasean” izena jarri dio bere bigarren lanari eta ostegun honetan, hilak 15, arratsaldeko 19:30etan Ordiziako Herri Antzokian aurkeztuko du.

Aurten bakarkako ibilbideari ekingo dion arren, Esti Markezek betidanik izan du musikarekin harreman estua. Txikitatik izan du musikarako grina, etxean eta familian orduak ematen zituen kantari, bigarren eta hirugarren ahotsak bilatzen. 2020ko konfinamenduan, etxean igarotako ordu haiek zukutu eta orduan sartu zen sorkuntzaren munduan. Kantuak sortzen hasi zen eta, urte berean, bere aita Mikel Markezekin batera «Azal berritzen» (AutoEkoizpena, 2020) diskoa argitaratu zuen.

Osasun-larrialdiak, diagnosi irudia eta medikuntza nuklear ikasketak burutu ondoren, Estik musika eta osasun-arloko bere egungo lana uztartzen ditu. Abestiak, dira bere sendagaia. Haiekin lotuta eta aldi berean aske sentitzen da. Sentsazio horiek guztiak eta musikarekiko duen maitasuna, noski, islatuko ditu bakarka gidatzen hasi berri den eta indartsu datorren proiektu honetan.

Pandemia garaian Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaintzen aritu da, bere aita Mikel Markel, Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikariekin batera. Oraingo honetan, taldea eraberrituta dator eta Estirekin batera honako artistak izango dira oholtza gainean; Iker Lauroba gitarran, Dánae Riaño baxuan eta Josu Erviti baterian. Azaroan Aian eskaini zuen bigarren disko honen aurkezpen kontzertua eta probalekuan izandako harreraren ondoren, Ordiziako Herri Antzokikoa izango da egiten duen bigarren plaza.

Sarrerak aurrez Barrena Kultur etxean (09:00-13:00 eta 16:30-20:00) eta egunean bertan, Herri Antzokiko lehiatilan eskuratu daitezke.

Irailetik hasita lau kontzertu ederrez osatutako ziklo honetan punta puntako artistak izan dira Herri Antzokiko oholtzan. Irailean Korrontzi, Urrian Flamenco etxea, Azaroan Peio Ramirez eta Nacho Soto, eta osteguneko kontzertu honekin itxiera emango zaio aurtengo Bizi Musika zikloari.

Oiasso Kameratak itxiko du aurtengo Barroko Aire

Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Barroko Aire kontzertu zikloarekin amaitzeko, igandean, hilak 27, Ordiziako Parrokia Elizan, arratsaldeko 18:30etan, azken kontzertua entzuteko aukera izango dugu, “Oiasso Kamerata” taldearen eskutik;  “Barroko ala ez barroko?” Ordiziako publikoari zuzendutako erronka musikala.

Oiasso Kamerata Irungo hari orkestra bat da, erromatar garaian Oiasso zeritzana. Haien ibilera 2014an hasi zen Raffaela Acella zuzendari artistiko zutelarik. 2016an zuzendaritza artistikoa Tomas Ruti Vilarrek jaso zuen soinu kalitatearen helburua aurrera eramanez.

Bere ibilbidean Kamerata herrialde ezberdinetan edota beste kontzeptu batzuetan oinarritutako esperientzia musikalak eskaintzen saiatu da. Horrela, honako programak aurkeztu ditu: Egitarau Latinoa, Viaggio Musicale, God save the strings!, Con aire de tango, Marina Beheretche biolinista haundiaren laguntzarekin eta Gerra eta Bakea, errusiar konpositoreen musikaren adibide. Euskal musikaren arloan, Valentín Larrearen musika interpretatzeko erronkari heldu dio, bere harizko obra ezagutzera emanez.

Ondorengo ziklo eta jaialdietan hartu dute parte: Donostiako Musika Hamabostaldia, Barroko aire (Ordizia), Durangoko Musika Hamabostaldia, Zarauzko Udako Musikaldia, Irungo Ricardo Requejo ganbara zikloa, Azkoitiko Udaberriko Musikaldia, Igartzako Musika zikloa (Beasain), Tolosa, Hondarribia...

Halaber, bakarlari ezberdinekin eman ditu kontzertuak, Eduardo Mocoroaren musikarekin disko bat grabatu du, eta Opus Lirica konpainiarekin elkarlanean Pergolesiren “La Serva Padrona” opera interpretatu du Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Bere hezkuntza proiektuan haurrei zuzendutako kontzertu didaktikoak aipatu behar dira.

Ordizian 6 obrako kontzertua eskainiko dute. Hasteko, Handel-en “Passacaglia” bat, kalejira antzeko bat da baxu errepikakor baten gainean doazen bariazio jarraiekin. Jarraian, Giulio Cacciniren “Ave Maria” eta Georg Philipp Telemannek harietarako idatzitako obertura-suite guztien artean dibertigarrienetako bat, “On Kixote Burleskoa”. Obra honen ondoren, Luigi Boccheriniren “Hari eta gitarrarako 4. kintetotik fandangoa” eta Astor Piazzollaren “Buenos Aireseko negua”. Amaiera emateko berriz, Geminiani eta Wianckoren “La follia”, progresio harmonikoa.

Biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxuarekin, gonbidatu berezi moduan Carmen Bezerra gitarra eta Elur Arrieta perkusioa izango dira.

Conductus Ensembleren kontzertua bihar

Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Barroko Aire kontzertu zikloarekin jarraituz, igandean, hilak 20, Ordiziako Parrokia Elizan, arratsaldeko 18:30etan, hirugarren kontzertua entzuteko aukera izango dugu, “Conductus Ensemble” taldearen eskutik;  programan  Bachen eta Scarlattiren lanak.

Ogibideak eta bokazioak bat egiten duteneko gogo biziak, ongi egindako gauzenganako pasioak eta horiek garai zailenetan ere egiten jarraitzen saiatzeak definitzen dute duela  20 urtetik hona izen eta formazio ezberdinekin Andoni Sierrak bere fundaziotik zuzendu duen musika taldea. Conductus Ensemble 2002an sortutako talde bokal eta instrumentala da. Ordutik 150 kontzertutik gora eman ditu Madrilgo Auditorio Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian edo Kursaal Auditorioan; nazioarteko hainbat jaialditan, esaterako, Toulouse les Orgueseko Nazioarteko Jaialdian, Musika Hamabostaldian, Cuencako Erlijio Musikaren Astean, Santanderreko Jaialdian edo Torroella de Montgriko Jaialdian, besteak beste. Taldeak bere formazioa programa bakoitzera moldatzen du eta bi atal ditu: bat antzinako musikan espezializatua, eta bestea garai guztietako errepertorioa jotzen duena. Kritika espezializatuak eta entzuleek aho batez txalotu dute kontzertu bakoitza publikoarentzako eta bere musikarientzako esperientzia berezi bihurtzen duen taldea, Berpizkundetik XX. menderainoko maisulanez betetako errepertorio zabal baten interpretazio historizista egiten duena.

Ordizian bi obra handi aurkezten dituzte. Lehena, Johann Sebastian Bach, “Jesu, Meine Freude” (Jesus, nire alaitasuna), Johann Francken ereserkian eta Pauloren Epistolak erromatarrei idatzitako bibliako bertsetetan oinarritua. Bere parteek, ahotsek eta musika- eta letra-konjugazioak bere gainerako piezen artean bakarra egiten dute. Eta bigarren lana Domenico Scarlattiren 10 ahotsetarako “Stabat Mater” lana da. Scarlattiren lanak mendeetan zehar klaberako izan duen handitasunak eta proiekzioak eklipsatuta, askorentzat ahots-musika  guztiz ezezaguna den errepertorioa izaten jarraitzen du. Bere lanaren katalogo sakratuaren barruan, 10 ahotsetara idatzitako Stabat Mater, estilo mailan, salbuespen bat da. Partituraren dimentsioek, egileak bere idazkeran erakusten duen hedapen irudimentsuak eta aurkezten duen dentsitate dramatikoak bere maisulan koral bihurtzen dute zalantzarik gabe.

Conductus Ensemblearekin batera, Alize Mendizabal organoan eta Alejandro Saul Martinez txeloan arituko dira, guztiak Andoni Sierraren zuzendaritzapean.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image