Image
Image

Ostiralean Benetan Be antzerki taldea Herri Antzokian

Porno vs Afrodita 3redOstirala honetan, martxoaren 5ean,  Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren bostgarren emanaldia izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Benetan Be antzerki taldeak aurkeztuko duen “PORNO VS AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

“Heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia» da Patricia Urrutia aktore eta sortzailearen hitzetan 'PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)' lana.

Belaunaldi ezberdinetako pertsonek, sexuaz eta sexu heziketaz hitz egiterakoan ditugun trabak antzekoak direla ohartuta, eta egun, batik bat gazteenen arten pornoaren kontsumoak duen pisuaz arduratuta ekin zioten Benetan Be antzerki taldean obra honen sorkuntzari.

Umore klabean eta musikaz lagunduta, heldu zein gazteek ikusi eta gozatzeko lana da, guztiok zailtasun berak partekatzen ditugula ohartu, eta soseguz jaso eta ematen dugun heziketa sexual eta afektiboaz hausnartzera gonbidatzen gaituena.

Patricia Urrutia, Juanjo Otero eta Jon Zumelaga aktoreak dira oholtza gainean ikusiko ditugunak. Gaztetxe batean, horren gazte ez diren musika talde baten agur kontzertua aitzakiatzat hartuta, belaunaldi ezberdinetako pertsonaiak gorpuztuko dituzte hiru aktoreek. Patricia Urrutiaren hitzetan, helburua gurasoek seme-alabek ikusteko modukoa dela pentsatzea da, eta alderantziz, seme-alabek ikusiz gero hauek gurasoentzat gomendagarri iriztea.

Benetan Be konpainiaren bigarren ikuskizun hau publiko gazteari eta ez hain gazteari zuzenduta dago, eta gure ezintasunak, atsekabeak eta sexu- eta afektibitate-ergeltasunak partekatzeko eta elkarrekin barre egiteko asmoa du. Hori guztia, zenbait gaitzen dimentsio kolektiboak gizaki hilkorren bizkar gaineko zama arinduko duelakoan.

Hainbat zalantza, grina, ezintasun aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeri sexual eta afektiboez elkarrekin barre egiteko lana, ostiralean Herri Antzokian. Sarrerak salgai Herri Antzokian eta Kutxanbak-sarrerak web orrian.

'Lamiak eta Lloronak' erakusketa, Barrenan

 

Martxoaren 15era bitartean, 09:00-13:00etara eta 16:30-20:00etara zabalik egongo da Barrenako erakusketa aretoan "Lamiak eta Lloronak" erakusketa.

LAMIAK eta LLORONAK, “Ongi etorri eskolara” udal proiektuaren ekimena da. Donostia, Andoain, Ordizia eta Zarauzko jatorri anitzetako bizilagunen eta margolarien arteko elkarrizketa du helburu.

Margolariak, jatorri anitzetako bizilagunek kontatutako kondairetan eta pertsonaia mitologikoetan inspiratu dira, erakusketa honetan topatuko ditugun eta kontalarien jatorrizko herrialdeetako kulturaren parte diren pertsonaia mitologikoak birsortzeko. Elkarrizketa honen helburua, era sinboliko batean, kulturen arteko truke, ezagutza eta aitortzaren eredu izatea nahi genuke, kultura-aniztasuna ikusarazi eta balioan jartzeko, bizikidetzarako zubiak sortuz.

Erakusketaren helburua da gure auzoetako eta udalerrietako kultura-aniztasuna balioan jarri eta ikustaraztea; Artearen eta mitologiaren bidez, jatorri eta kultura anitzetako pertsonen artean kulturarteko elkarrizketa aurrera eramatea; Tokiko artea, narratiba eta pintura sustatzea, baita gure udalerria osatzen duten kulturetako pertsonaia mitologikoak, elezaharrak eta istorioak ezagutzea ere; Kulturarteko harremanen adibideak sortu, artea eta narrazioa elkartuz.

Prozesuaren garapena hala egin da: Jatorri anitzetako hainbat kontalariek haien jatorrietako pertsonaia mitologiko bat edota elezahar bat aukeratu eta narratu dute haien hizkuntzan, gazteleraz eta euskaraz, audio bitartez. Margolariak, aipaturiko audioetan oinarritu dira erakusketan ikus ditzakegun pertsonai mitologiko edota elezaharrak sortzeko garaian.

ERAKUSKETA BAT BAINO GEHIAGO, KULTUREN ARTEKO ELKARRIZKETA: Lan bakoitzaren ondoan, artistaren eta narratzailearen aurkezpenak agertuko dira, QR sarrera batekin batera eta honek, “Ongi Etorri Eskolara” web orrira eramango gaitu. Bertan, legenda edo pertsonaia mitologiko bakoitzaren istorioak entzun ahal izango dira, jatorrizko hizkuntzan, euskaraz eta gaztelaniaz, baita artistaren eta kontalariaren ibilbidearen deskribapena ere, argazkiarekin batera.

Artistak eta kontalariak aurrez-aurre elkar ezagutzeko eta haien arteko harremana ahalbidetzeko pentsatuta zegoen jarduera hau, eta bere horretan idazlanerako inspirazio izan zedin. Pandemiaren ondorioz, prozesu hau ezin izan da aurrera eraman baina inaugurazioaren egunean, margolari eta kontalariek elkar ezagutzeko eta baita haien inpresioak elkarbanatzeko aukera izan dute.

Ahoz aho jaialdiaren programazioa

Ahoz Aho ahozko narrazio jaialdia itzuliko da Ordiziara eta aurten 13. edizioa beteko du. Jaialdia egungo egoeraren aurrean, indarrean dauden osasun murrizketak eta neurriak kontuan hartuta egokitu ditu bere proposamenak. Saio guztiak doakoak dira gonbidapenarekin, eta gonbidapena Barrena Kultur Etxean lor daiteke (943805630).

Hona hemen aurtengo egitaraua:

PROGRAMA 2021

Jaialdia martxoaren 6an hasiko da, Itziar Saenz de Ojer narratzaile eta pedagogo donostiarra Barrenan izango da, Jhon Ardila kolonbiarrarekin batera.

Martxoaren 8an eta 9an Urdaneta Ikastetxera eta Jakintza Ikastolara hurbilduko da jaialdia eta Lur Usabiaga eta Iraitz Lizarraga narratzaileek ipuin kontaketa saioak eskainiko dituzte.

Martxoaren 8an eta 9an Urdaneta Ikastetxera eta Jakintza Ikastolara hurbilduko da jaialdia eta Lur Usabiaga eta Iraitz Lizarraga narratzaileek ipuin kontaketa saioak eskainiko dituzte.

Hilaren 9an bertan, Barrenan, Doro Zobaran bizkaitarraren txanda izango da, eta Monika Arratibelek eta Xabi Etxanizek jarraituko diote, hilaren 11n, Ruben Martinez Santana venezuelarrarekin batera, Venezuelan, Txilen (1993-1994) ahozko narrazioaren mugimenduaren aitzindaria eta Katalunian (2002-2008) ipuin kontalarien mugimenduaren aitzindaria.

Martxoaren 12an amaiera emango zaio Jaialdiari, eta IX. Ahozko narrazio lehiaketa egingo da bertan, Iñaki Carretero narratzailea aurkezle dela. Aurten, lehiaketan parte hartuko dutenak hautatzeko aurreko fasea kendu da.

Ahozko narrazio lehiaketa zabalik dago istorio bat, ipuin bat kontatu nahi diguten guztientzat. Behean duzue lehiaketaren oinarriak.

Parte-hartzaile bakoitzaren narrazioa ez da zortzi minututik gorakoa izango. Epaimahaiaren eta publikoaren boto bidez hautatuko da irabazlea, eta 300 euroko diruzko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarren sailkatuari eta 100 eurokoa hirugarrenari.

LEHIAKETAREN OINARRIAK https://issuu.com/barrenakulturetxea/docs/ahoz-aho_2021_oinarriak-_ipuinen_ahozko_narrazio_l

 

 

'Konpromisoa' antzezlana ikusgai, bihar

Ostiral honetan, otsailak 19, 19:00etan "Konpromisoa” antzezlana eskainiko da Herri Antzokian. 

Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo Produkzioak “Konpromisoa” lana aurkeztuko du. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

'Konpromisoa' Philippe Claudel idazle frantsesaren izen bereko lanaren moldaketa da, Martin Agirrek euskarara itzulia. Zuzendaria Begoña Bilbao da eta antzezleak, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga. Bi lehenak ibilbide luzeko aktoreak dira eta hirugarrena aldiz, aski ezaguna, hasiera batean Real Sociedadeko (baita Real Unioneko) futbolaria izandakoa eta gaur egun Euskal Telebistako aurkezlea, 'Herri Txiki, infernu handi' saioan.

Antzerki taldeak zabaldu duen sinopsiak dioenez, «Tomas eta German aspaldiko lagunak dira; Tomas sasi-autore bat da eta German, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamendua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik. Bere dohainik handiena da. Eroslearekin tratua egiteko prest daude. Eroslea edo engainatuko duten inuzentea? Eroslearen zain dauden bitartean, bi lagunak elkarri belarria goxatzen arituko dira, mokoka, adar jotzen. Baina, halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinean harrapatuko ditu. Erosleak ikusle soil baten jarrera hartuko du? Edo bi lagunen arteko sesioan epaile lanak egingo ditu? Edo okerrenera, bien arteko joko maltzur horretan, biktima bihurtuko ote da?».

Gizartean puri-purian dauden zenbait gai jorratuko dira obran zehar, hala nola, adiskidetasuna, etika edo elkarrekiko konpromisoa.

Sarrerak aurrez aldetik salgai: Herri Antzokian edo Kutxabank-sarrerak.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image