Antzerki Garaia urtarrilaren 15ean hasiko da
[EUS] Urtarrilaren 15ean hasiko da XVIII. Antzerki Garaia programa, Ordiziako eta Beasaingo Udalen lankidetzarekin. Zortzi emanaldi eskainiko dira guztira, eta gaur banatuko zaizue programa zuen etxeetan. Saio bakoitzeko sarrera 12 eurokoa izango da, baina zortzi emanaldietarako abono berezia egongo da; 72 euroan saio guztietara joateko txartela izango dute. Hau erosteko epea urtarrilaren 11a arte egongo da, eta Ordiziako Herri Antzokian edo Beasaingo Usurbe antzokian eskuratu daitezke. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
- Urtarrilak 15, Beasaingo Usurbe Antzokian: Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Tentazioa produkzioak, euskaraz.
- Urtarrilak 22, Ordiziako Herri Antzokian: Mis mejores hazañas, Alikate producciones, gaztelaniaz.
- Otsailak 19, Ordiziako Herri Antzokian: Konpromisoa, Txalo produkzioak, euskaraz.
- Otsailak 26, Usurbe antzokian: Ameriketako bidaia, Ttantaka Teatroa, euskaraz.
- Martxoak 5, Ordiziako Herri Antzokian: Porno VS Afrodita, Benetan Be, euskaraz.
- Martxoak 12, Beasaingo Usurbe Antzokian: La extraña pareja, Calibán teatro, gaztelaniaz.
- Apirilak 16, Ordiziako Herri Antzokian: Losers, Txalo produkzioak, euskaraz.
- Apirilak 23, Beasaingo Usurbe antzokian: Irabazi, Txalo produkzioak eta LaMandanga, euskaraz.
XVIII. edizioa
Antzerkia bultzatzen jarraituko dute beste urtebetez Beasaingo eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatzen duten ‘Antzerki Garaia’ programarekin. Aurtengoa XXVIII. edizioa izango da; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi Udaletako kultura sailek.
Aurten Ordizian izan da aurkezpena, Herri Antzokian. Bertan izan dira bi Udaletako zinegotziak: Beasaingo Xabier Matarranz eta Ordiziako Lander Mujika ordezkariak. Lankidetza honen helburuak aurreko ekitaldietako berberak izaten jarraitzen dute: alde batetik, antzerki emanaldietara joateko ohitura sustatzea; eta bestetik, publiko berria erakartzea halako saioetara, batez ere, pertsona gazteak. Lan horri ekiteko konpromezua ez da falta.
Jakina denez, Antzerki garaia programazioak 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak; beraz, aurtengoa Goierriko antzerti-denboralditxoaren hogeita zortzigarren ekitaldia da. Pandemiaren ondorioz une zailak izan dira sektore guztientzat, eta aurten horri aurre egitea espero dugu, pixkanaka normaltasunera itzultzeko. Bien bitartean, Beasaingo eta Ordiziako kultura sailek kulturaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute, eta, betiere, osasun neurri egokiekin, "Antzerki Garaia” edizio berri bat eskaini nahi diete goierritarrei. Azken urte hauetako balorazioak, orokorrean, positiboak izan dira eta Beasain eta Ordizia elkarrekin egindako lana ikusleen mesedetan joan da, Goierrin antzerti-denboralditxoa eskainiz.
Abonuak
Sarrera 12 eurokoa izango da emanaldi bakoitzeko. Sarrerak, antzezlana egin behar den antzokiaren lehiatilan (Beasaingo Usurbe antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian) eskuragarri egongo dira, eta baita www.kutxabank.eus zerbitzuan ere.
Horrez gain, denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa da, eta hauek erosteko epea urtarrilaren 11a arte egongo da; egun hori barne. Denboraldi osorako abonua erosten dutenek emanaldi guztietara sartzeko aukera izango dute, bai Beasainen zein Ordizian egiten direnetara. Horrez gain, bi herrietan urtean zehar izango den antzerki programazioaz informazio zehatza jasoko dute. 10 sarrera baino gehiago erosi nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek sarrera-prezio berezia izango dute: 10 euro sarrerako. Taldeko sarrerak lortzeko dagokion Udaleko kultura sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da.
Emanaldi guztiak 19:00etan hasten dira, eta puntuan agertzea eskatzen da, are gehiago, bizi dugun egoera zein den ikusita. Hala, beharrezko neurriak hartuko dira guztien segurtasuna bermatzeko. Emanaldi hasi ostean ez da sartzerik izango.