Image
Image

Liburu Baby Kluba, online ostiralean

Ordiziako Udaleko Kultura Sailak, Udal Liburutegiarekin batera, "Liburu Baby Kluba" jarduerari ekingo dio berriro,  Mestiza Elkartearen laguntzarekin, eta aurrez aurreko saioaren ordez, jarduera online egingo da, youtubeko udal-kanalaren bidez. Lehen online saioa datorren ostiraletik aurrera egongo da ikusgarri, irailak 17, goizeko 10:00etatik aurrera. Hala, hiru bideo izango dira eskuragarri jarriko direnak herritarrentzat.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da eta helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba ekintza kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.

Pandemiangatik saio presentzialak bertan behera utzi dira eta horien ordez saio bakoitzeko edukiak bost minutuko iraupena izango duten hiru bideotan jasoko dira: abestiak, poesiak, liburuen irakurketak eta literaturaren mundu magikoa ezagutzeko gomendioak.

Bideoren bidez garatuko diren saioetan familiek ipuinez eta abestiez gozatuko dute elkarrekin, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Ipuinetako narratzaileak hauexek dira: Mónica Gracia (euskara), Josie Yañez (ingelesa) eta Ana Molina (gaztelania)

Bizi Musika zikloa bueltan da

Ikasturte berriarekin batera, ordiziar kultur bizitza martxan jartzen ari da, eta urteko azken lauhilekoak ekitaldiz beteriko kultur agenda eskaintzen du. Iraileko lehen hamabostaldian egin diren dantza eta antzerki jardueren ostean, "Musika Bizi" kontzertu ziklo interesgarria itzuliko da Herri Antzokira, iaz estreinatutakoa. Euskal Herriko musikariak bilduko ditu zikloak, publiko ororentzako kontzertuetan. Ostegunetan 19:30ean izango dira saioak.

Iaz bezala, lau kontzertuetarako bono bat jarri da salgai, 28 euroan, eta sarrera solteak 10 euroan izango dira. Abonuak Herri Antzokiko lehiatilan eros daitezke (astelehen, astearte, larunbat eta igandeetan, 19:30etatik 20:00etara) eta sarrera solteak, Herri Antzokian edo Kutxabank-sarreretan.

4 emanaldi

“Ordizian kultur eskaintza zabala dugu, dudarik gabe. Iaz estreinatu zen Musika Bizi zikloak emaitza oso onak eman zituen, eta jende ugari gerturatu zen zikloaren barnean eskaini ziren kontzertuetara. Gauzak horrela, aurten ere espero dugu jendearen gustokoak izatea eskaintzen ditugun proposamenak. Gainera, zikloa zabalduko duen lehen musikaria ordiziarra da; horrek ere erakusten digu herrian baditugula punta puntako profesionalak”, zehaztu du Lander Mujika, kultura zinegotziak.

Mikel Urretagoiena (bateria) musikari ordiziarraren proposamenak zabalduko du zikloa irailaren 23an, Ander Garcia (baxua) eta Iñigo Ruiz de Gordejuela lagun dituela. Lau urte Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia), bi Holandan eta New Yorken eta bost Madrilen eman ondoren, Mikel Urretagoiena bateria jotzaile ordiziarra herrian da Bizi Musika zikloari hasiera emateko. Emanaldi honetan azken urteetan konposatutako abestiak aurkeztuko ditu hirukote formatuan (pianoa, kontrabaxua eta bateria).

Urriaren 14an, gaur egungo Blues-Rock taldearen indartsuenetako bat izango dugu: Noa & The Hell Drinkers; “Craft Blues” bigarren albuma labetik atera ondoren, Hondarribia Blues, Benicassim Blues, edo Burlata Blues bezalako jaialdietan arrakasta izatetik datoz. Taldearen zuzeneko emanaldiek kritikariak eta ikusleak bereganatu dituzte, kontzertu gehienetan sarrera guztiak agortuz. European Blues Challenge 2020an Espainia ordezkatuz finalista izandakoak, `Craft Tour´ aurkezpen biran murgilduta daude orain, euren energia munduan zabalduz.

Azaroaren 18an, Herri Antzokiko eskenatokian proposamen musikal berri bat izango da, "Trigger" egitasmoarekin, Eñaut Zubizarretaren eskutik. Zubizarretak txeloaren ikasketa klasikoak jaso zituen arren, duela urte batzuk TRIGGER egitasmoa jarri zuen martxan eta rocketik eratorritako musikak instrumentu horrekin, txeloarekin,  lantzen hasi zen. Zuzenekoan, Quico Puges eta Jokin Garmendia biolontxelo jotzaileekin egongo da kamera kantuetan eta Amaiur Luluaga dantzariarekin techno kantuetan.

Eta zikloa ixten duen laugarren kontzertua "Habia" Iparraldeko taldearen eskutik etorriko da, abenduaren 16an. Amaia Hiriartek, Maia Iribarnek eta Elena Hairak osatutako soka eta ahots talde honek tradiziotik eta sorkuntzatik sortutako musika proiektu bat aurkezten du, herri kantuen eta euskal poesien nahasketa, jazza, musika garaikidea eta aire tradizionalak oinarri hartuta.

Lazkao Txiki bertso paper lehiaketako sari banaketa

Asteburuan ospatu dugu Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa. Argi Berri Elkarteak 30. urtez antolatu du ekimen hau, eta irabazleek ordainsariaz gain, “Txikia” oroigarri bana eta Lazkao Txikiren bizipenak kontatzen dituen “irriz eta malkoz” liburua ere jaso dute. Aurten, gainera, 30. edizioa izan denez, azken 5 urteotako bertso sarituekin egindako liburuaren aurkezpena egin dute.

 Sariak/ Premios: 

GAZTETXOAK (13 urte artekoak, 7 lan) 

  1. Suhar Mantzizidor Jauregi (Zaldibia)
  2. Unax Aizpurua Ibargarai (Sara)
  3. Maren Iturrioz Etxeberria (Segura)

GAZTEAK (14-18 urte bitartekoak, 6 lan): 

  1. Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoiti)
  2. June Aiestaran Iparragirre (Beasain) lanagatik
  3. Aratz Arzelus Aranburu (Villabona)

HELDUAK (18 urtetik gorakoak, 19 lan): 

  1. Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain) 
  2. Aner Peritz Manterola (Zarautz) 
  3. Urko Egaña Calderon (Oñati) 

Zorionak irabazle, eta parte hartzaileei!

'Pepa eta Kutxo pailazokeriak' ikuskizuna, asteartean

Datorren asteartean, hilaren 14an, Plaza Nagusian, arratsaldeko 17:30etan Xilipurdi Antzerki taldeak “Pepa ta Kutxo pailazokeriak” ikuskizuna aurkeztuko du familia ororentzako, Udaleko Kultura sailak antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako «Kale antzerkia bultzatuz» programaren barruan.

Teatro Trapero antzerki taldea (orain Xilipurdi Antzerkia) Pariseko Jacques Lecoq eskolako hainbat ikasle diplomatuk sortu zuten 1989an, pantomima, clown, parte hartzea eta txotxongiloetan oinarrituta. Bere ikuskizunetan partaidetzak indar handia du eta musikari ematen zaion garrantzia zeharo kontutan hartzekoa da. Xilipurdi Antzerkia 33 urtetako ibilbide honetan, umorez betetako ikuskizunak sortu ditu, gaiak egunerokotasunari lotutak beti. Hau talde identitatearen ezaugarri bat da eta bestea berriz, ikuslegoarekin sortzen duten harremana.

Xilipurdi Antzerkiko partaideek beste talde batzuekin kolaboratu dute: Tarima, Maskarada, Geroa, La Tuchenne, Q Teatro, Pampol Teatre, La Tirili, Goloka, el tenderete, Tira ta Floja, Cambaleo, Biribil Zirko, Zirko Imprevisto, Teatro de Mimo Peter Roberts, Pantarhei, etabar.

“Pepa ta Kutxo pailazokeriak” lana klown ikuskizuna da eta bertan elementu asko nahasten dira: pailazo klasikoen jokuak, mimo, partaidetasun antzerkia, objektuen antzerkia, absurdoaren antzerkia...

Xilipurdik, hiru hamarkada bilatze lanean aritu ondoren, zenbait egoera barregarri asmatu ditu ikuslegoari eskaintzeko bere konplizitatearen truke. Hitzordua asteartean izango da, Plaza Nagusian, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Emanaldian bertan hainbat arau bete beharko dituzte ikusleek:

    Leku mugatuak izango dira ekitaldietan, indarrean dagoen araudiaren arabera

    Pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira

    Maskara jantzita edukitzea beharrezkoa izango da

    Garaiz etorri, jende pilaketak saihesteko. Banan-banan esertzeko denbora beharko da

    Une oro norbere tokian eserita egon beharko da emanaldia amaitu arte

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image