Image
Image

Ahoz aho jaialdia, martxoaren 7tik 28ra

Ahozaho aurkezpena

Pasa den ostegunean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Ordizian antolatzen den AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasun jaialdiaren aurkezpena egin zen. Aurkezpenean egon ziren May Gorostiaga Intujai Antzerkia talde antolatzailearen ordezkaria; Mari Jose Telleria, Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Lander Mujika Ordiziako Udaleko Kultur zinegotzia eta Maider Alzelay eta Joxe Mari Carrere kontalariak.

Hain zuzen ere, Ahoz aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. Edizioa egingo da martxoaren 7tik 28ra bitartean. Hainbat herritan egingo dira ekintzak, Ordizia eta Tolosan izanez nabarmentzekoenak. Kanpo zein Euskal Herriko artistak izango dira parte hartuko duten sortzaileak, eta narrazioez gain, magiak, bertsolaritzak eta euskal kontalaritzak ere izango du lekua.

Jaialdiak, kontalaritza ardatz hartuta, ahozkotasunaren bestelako adierazpenak eskaini ohi ditu ere, hala nola, kantuak eta bertsoak. Gorostiagak, talde antolatzailearen arduradunak, egitarauaren xehetasunak azaldu zituen, ekitaldiez gain parte hartuko duten artisten ezaugarriak zehaztuz. Partaide gehienak Euskal Herrikoak izanik, nazioarteko partaidek ere aurkeztuko dituzte euren ikuskariak. Kolonbiatik Carolina Rueda, Greziatik Ifigenia Kakridoni, Nikaraguatik Zoa Tamara Cuellar eta Frantziatik Celine Ripoll. Laurak ere arras ezagunak eta ibiliak kontalaritzaren nazioarteko zirkuituetan. Emanaldiez gain kontaketa bi ikastaroen berri eman zuen, bata haurrentzat zuzendua Maider Alzelaik eskainia eta bigarrena helduei zuzendua Carolina Ruedaren eskutik.

Telleriak nabarmendu duenez, eskertzekoa da halako programa “biribila” antolatu izana. “Munduko mapa bat da, Ordiziatik hasita. Udalari eskerrak ematen dizkiogu, hainbat lurralde kultur mugimenduekin batzen gaituelako. Belaunaldi desberdinak, narrazioari esker familiak batzeko gaitasuna duena eta gazteak kulturara erakartzen dituena”. Horrez gain, programa honek kulturaren inguruan “baloreak sustatzeko” balio duela ere agertu zuen zuzendariak. Lander Mujikaren hitzetan, aldiz, Ordiziako kultur bizitzaren ekitaldi garrantzitsua dela agertu zuen, eta bide batez, Ahozkotasunaren Gala Nagusira gonbidatu zituen herritarrak.

May Gorostiagak aipatu zuen ere jaialdia bertan antolatzen den Ipuin Narrazio Lehiaketak hartu duen garrantzia, izan ere beste urtetan parte hartutako hainbat kontalarik orain ohiko egitarauan ikus daitezkeelako.

Eta Jaialdia “KONTATU GUREKIN!” VIII. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO lehiaketarekin zabalduko da. Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da. Lehiaketa larunbata honetan, martxoaren 7an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz gunean.

Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 27an ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.

Lehiaketarekin batera zirko proposamen berezia ikusteko aukera izango dugu, Kicirke konpainiarena. Kicirke konpainia Kike Sebastianen zuzendaritzapean sortu zen 2014. urtean, "LOS KIKOLAS" konpainiarekin 12 urte igaro ondoren. Quique Mendezekin batera sortu zen konpainia, eta penintsulan zehar eta nazioarteko hainbat tokitan (Argentina, Portugal, Italia eta Frantzia, besteak beste) jaialdiak eta programazioak egiten ditu, mila bat funtziotan. Kike Sebastian komediantea zirkoarekin eta musikarekin jolasten da, plazetan, kaleetan eta antzokietan ibiltzen da, herri eta hiri handietan. 1993. urtean, Gamonal auzoan, "Musika eskola herrikoiak" izeneko proiektu sozial batekin hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Han aurkitu zuen musikarekiko maitasuna, eta urte batzuk geroago zirkoarekiko grina eta lanbidea.

Bere prestakuntza autodidakta izan arren, objektuekin egindako ikerketan eta "beste zirko bat" erakusteko ahaleginean oinarrituta, hainbat ikastaro jaso ditu zirkuko eta antzerkiko tekniketan. “Mugarik gabeko Pailazoak” erakundearekin ere lankidetzan aritzen da, Libanoko eta Kosovoko errefuxiatu-eremuetan barrena.

Martxoan Ordizia kontalaritzaren hiriburua bihurtuko da eta larunbat honetan lehenengo hitzordua D’Elikatuz gunean, VIII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa. Sarrera dohan.

URREZKO KALABAZA

Bestalde, aurtengo Urrezko Kalabaza Saria ahotsak.eus webgunearentzat izango da. Ahozkotasun testigantzak jasotzen ditu, euskalki eta historia desberdinak aurkitzen dira bertan.

Hemen duzue egitarau osoa: Ahoz aho 2020

Kimetz elkartearen XXVI. kontaketa lehiaketa irekita

B580CEDB DECE 4C11 86E6 4D0DBE46EB92

Ordiziako Kimetz Elkarteak abian jarri du XXVI. kontaketa lehiaketa.

Hemen oinarriak: 

  1. Nahi duen edonork (18 urtetik aurrera) parte har dezake. Lanak lehenengo aldiz aurkeztuak izango dira eta beste inon saritu gabeak.
  2. Gaia librea izango da. Gutxienez 5, eta gehienez 10 orrikoak  izango direlarik, euskeraz nahiz gaztelaniaz, lanen aurkezpena mekanografiatua izango da, espazio bikoitzean eta orriak alde batetik idatzirik.
  3. Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea kontutan edukiko da. Lan bakoitzaren hiru fotokopia bidaliko beharko dira.
  4. Testuak izengoitiz izenpetuko dira eta kartazal itxi baten kanpokaldean jarriko da kontaketaren izena eta-izengoitia. Barruan, berriz, egilearen izen abizenak, helbidea eta telefonoa.
  5. Lanak 2020ko apirilaren 20an  baino lehen igorriko dira, Ordiziako Barrena kultur etxea, Nikolás  Lekuona  enparantza, z/g.edo 114 pk eta kartazalean adieraziko da kimetz kontaketa lehiaketarako direla.
  6. Saritutakoek, saribanaketa ekitaldira joan beharko dute derrigorrez, behar bezala egiaztutako egoeretan izan ezik.
  7. Epaimahaia literatur munduko adituek osatuko dute eta beren izenak erabakiarekin batera ezagutaraziko dira.
  8. Erabakia 2020ko maiatza/ekainean  emango da. Saritu gabeko originalak ez ditugu itzuliko.
  9. ​Bi sari banatuko dira, bat gaztelerazkoarentzat eta bestea euskarazkoarentzat, bakoitza 600 €koa. Horrekin batera, saritutako bi lanen artetik, bat ez bada gutxienez emakumeren batena, sari berezi bat banatuko dute emakumeren batek idatzitako kontakizun onenarentzako, 200 €koa.
  10. Ez dira berriro sarituko lehenago irabazle izandakoak, sariaeskuratu dutenetik hiru urteko epean.Kimetz kontaketa lehiaketara aurkezteak, oinarri hauek osoki onartzen  direla  esan nahi du eta beeren  interpretazioa, epaimahiaren irizpideren baitan geratzen da.

    Horrez gain, beste sari bat ere emango da: ordiziar batek idatzitako kontaketa hoberenari 150 euro emango zaizkio. 

'Giltzadun etxea' antzerki saioa, ostiralean

002 GILTZADUNEN ETXEA

Ostiral honetan, hilak 14, Tanttaka taldeak Giltzadun etxea antzezlana eskainiko du gaueko 22:15ean, Herri Antzokian.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Barrena jauregian.

Antzerki garaia programaren hirugarren saioa izango da ikusgai ostiral honetan; Tanttaka konpainiak Giltzadun etxea lana aurkeztuko du. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Giltzadun etxea lana Fernando Bernuesek zuzendu du, eta bertan Ainhoa Aierbe, Vito Rogado eta Mireia Gabilondo dira protagonistak. Ainara LeGardon musikariak egin du zuzeneko soinu bandak eta Maialen Sarasuak eszena janzten duten irudi ederrak. Aizpea Goenagak euskaratu ditu testuak.

Sorkuntza eszeniko ezohiko bat dugu hemen, bertan, hiru emakumezko aktore gizarte langile talde baten erraietan sartuko dira. Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako ("Larrialdi Egoeretarako etxe bat eta Abegi etxe bat)  bizitza biluztuko digute. Poema bilduma errukigabe honen egile den Mada Alderetek zazpi urtez egin zuen lan horrelako etxe batean hezitzaile gisa. Ainara LeGardon sortzaile eta interprete iradokitzaile eta inkonformistak eginiko zuzeneko soinu banda landuak eta Maialen Sarasuaren irudiek diskordantziaz beteriko ikuskizun bat osatzen lagunduko dute.

Infernu garaikideetan barrena egindako bidaia bat da funtsean antzezlanak proposatzen duena. Hiru gizarte hezitzaile arituko dira oholtzan hizketan, eta haien bizipenen bidez joango da ikuslea murgilduz genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako abegi etxe bateko eta larrialdi etxe bateko egunerokoan. "Ez da ohiko antzezlan bat izango", onartu du Fernando Bernues antzerki zuzendariak, «baina ez da errezital soila izango ere». Mada Alderete poeta espainiarrak 2007an kaleratutako poema liburua dago antzezlanaren oinarrian, eta haren eszenarako egokitzapena prestatu du Bernuesek.

Biktima izandako emakumeen bizipen gordin eta konplexuak biltzen dituzte Aldereteren poemek, eta berdin antzezlanak ere. Egileak berak dioen bezala, “egia penagarri honetan gezur bakarra, tamalez, erabilitako izen bereziak izango dira”.

Egoerarik estuenenean ere indarra ateratzeko gai den gizarte langile bitalistaren ahotsetik arituko da Vito Rogado aktoresa, esaterako. Biolentzia matxista bere larruan ezagutu duen gizarte langilearen ahotik arituko da Ainhoa Aierbe. Eta, azkenik, Mireia Gabilondorena izango da ahotsik analitikoena. Hiru aktore horiekin batera, Ainara Legardon musikaria ere izango da oholtzan zuzenean, eta Maialen Sarasuak antzezlanerako propio sortutako irudiak ere proiektatuko dituzte.

VIII. ipuinen ahozko narrazio lehiaketa, zabalik

AHOZ AHO 2019 LEHIAKETAREN FINALISTAK

Beste urtebetez, badator Ordiziara Ahoz Aho Jaialdiaren barruan ospatuko den VIII. ipuinen ahozko narrazio lehiaketaren informazioa. Ordiziako Udalak eta Intujai teatrok elkarlanean antolatzen duten ekitaldia da, eta berriro ere, irekita dago nahi duen orok parte hartzeko. Izen ematea martxoaren 1a arte egongo da irekita.

Hemen dituzue izena emateko pausoak:

  1. Email bat bidali behar da Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera, “IPUIN LEHIAKETA” izenburua jarrita.
  2. Izena emateko datuak bete behar dira: parte hartzailearen izen abizenak, kontatuko den ipuinaren izenburua, ipuinaren egilea, posta elektronikoa eta telefonoa. 
  3. Partaide bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu seinale gisa, eta diru hori lehiaketa amaitu ostean itzuliko da.

ARAUAK

  1. Profesional zein ez-profesionalek parte hartu ahalko dute.
  2. Ipuinak 8 minutuko iraupena izango du gehienez ere, eta euskaraz narratu beharko da. 
  3. Partaide bakoitzeko ipuin bat
  4. Lehiaketak bi fase izango ditu: lehiaketako sailkapen gala martxoaren 7an izango da, larunbata, 19:00etan, D´elikatuzen. Bertan hiru finalistak hautatuko dira. Finala, berriz, martxoaren 27an izango da, 22:00etan, Barrena Jauregian. 

Sailkapen galan lehiaketako partaide guztiek parte hartuko dute, zozketaz ezarriko den hurrenkeran. Sailkapen galan hautatuko dira finalera iritsiko diren hiru finalistak: epaimahaiak bi finalista hautatuko ditu, eta beste bat publikoaren boto bidez. Finalean, berriz, epaimahaiaren erabakia eta publikoaren botoa batuta erabakiko da zein den irabazlea, eta baita bigarren eta hirugarren sailkatuak ere. Epaimahaiaren erabakia eta publikoaren botoa apelaezinak izango dira.

SARIAK

Lehenengo saria: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak.  Lehiaketa honetan parte hartzeak beraren oinarri guztiak onartzen direla esan nahi du, baita oinarri horietan jasotzen ez den aurreikusi gabeko edozein gertakariri buruz antolakuntzak hartzen dituen erabakiak ere. Parte hartzaileek oinarriak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute. 

Informazio gehiagorako deitu 678990162 telefonora edo idatzi Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera. 

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image