Image
Image

Eguberrietako azoka berezia, asteartean

4804F29D AE84 4E54 B887 13BD0DCAAD8F

 

Bihar, abenduaren 24an, Eguberritako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietanazkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.

Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko, eta ez da gabon kantarik faltako.

Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik. Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren erakusketa ere. 

Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.

IDIAZABAL GAZTA EKOIZLEEN AITORTZA EKITALDIA

Joan den urtean bezela eta aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, 2019 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteartean, Udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatuko den ekitaldian. Aurtengoan ere, Plaza Nagusian Ezkioko Agirretxeajatetxeko sukaldaria izango dugu “Ordiziako Azoka” pintxoak Idiazabal eran prestatzen inguratzen direnei banatzeko. 

“MARIANE” REN AURKEZPENA

D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia zentroak 10  urte betetzearekin batera, azoka batzordetik lantzen ari zen ekimena martxan jartzea lortu zen 2015ean; Ordiziako kasko historikoaren tematizazioa, azokaren historian protagonista izan diren pertsonaien eskultura edo irudien bitartez, hain zuzen.  2015 amaieran Goizaneri eman zitzaion ongi etorria, gaztain egurrez eginiko emakume baserritarra eta Ordiziako Azoka Plazan kokatua Udaletxeari begira.  2017ko Artzain Egunean, Peru artzainaren txanda izan zen, Jakes etxean kokatzen dena,  besoan daraman arkumea lagun duela. 

Oraingo honetan, Mariane baserritarrari egingo diogu harrera, Ordiziako azokara, asteazkenero, bere ama eta amonak egin izan duten modura, “Oilo” kalean (egun Domingo Goitia kalea) jartzen den baserritarra eta otarra arrautza bete dakarrena. Hiru pertsonaia hauek Javier Arrieta eskultore zegamatarrak eginak dira Urkiri Salaverriaren aholkularitzarekin. 

Azoka bereziaren altzoan, goizeko 10.30tan Domingo Goitia kalean (Martinez Jatetxe parean) egingo da aurkezpena.

 

OSTIRALEAN TXALO KONPAINIAK “20000 LEGOA ITSAPEKO BIDAIAN” FAMILIARENTZAKO LANA AURKEZTUKO DU HERRI ANTZOKIAN

Haur AntzerkiaDatorren ostiralean, hilak 27an, Udalak antolatu duen Gabonetako programazioaren barruan,  “20000 legoa itsaspeko bidaian” antzezlana aurkeztuko da Herri Antzokian,  arratsaldeko 17:00etan, familian gozatzeko pentsatutako obra. Txalo Producciones enpresak Julio Verneren lan ezagunaren egokitzapena aurkeztuko du. Sarrerak aldez aurretik Barrena Kultur Etxean eros daitezke.

Haurrentzat eta familientzat zuzendutako lanak istorio berezia kontatzen du. Itsas munstro izugarri batek alarma guztiak piztu ditu; bale handiena baino handiagoa, ziztu batean igeri egiten duena eta kolore ezberdinetan itxuraldatzen den pizti honek ikara eta beldurra eragin ditu itsasoan dabiltzan mariñelen artean.  Ze pizti ikaragarri klase izan daitekeen ikertzera abiatuko zaigu itsasora Anorak, surflari trebe eta itsasozale amorratua.  Eta munstro baten partez, intentzio gaiztoko urpeko ontzia aurkituko du, gizadi osoa  arriskutan jartzeko moduko monstruoa. Nemo kapitainak gidatutako urpekontzi malapartatu-zitala.

Antzerki Garaia urtarrilaren 10ean hasiko da

Antzerki Garaia. Beasain. Ordizia

Urtarrilaren 10ean hasiko da Beasaingo eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatzen duten Antzerki Garaia zikloa. Beasainen hasi eta, apirilaren 24an Ordizian bukatuko da. Guztira, zortzi antzezlan eta hamar funtzio programatu dituzte; Moko zorrotza eta Simplicissimus antzezlanak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioan eskainiko baitituzte. Bi emanaldiak Beasainen izango dira, 20:00etan eta 22:15ean. Hamar funtzioetatik 7 euskaraz izango dira, eta gainontzeko 3ak, gazteleraz.

PROGRAMA

  • Urtarrilaren 10ean. Beasainen, 22:15ean, Utzi zure mezua seinalearen ondoren (Tanttaka Teatroa). Euskaraz.
  • Urtarrilaren 16an. Ordizian, 22:15ean, El gran crucero (La Pescaderia Ambulante). Gaztelaniaz.
  • Otsailaren 14an. Ordizian, 22:15ean, Giltzadun etxea (Tanttaka Teatroa). Euskaraz.
  • Otsailaren 21. Beasainen, (Tantaka) Moko zorrotza, 20:00etan, euskaraz; Mandibula afilada, 22:15ean, gaztelaniaz.
  • Martxoaren 6an. Ordizian, 22:15ean, Ene Ba!! (Ados Teatroa). Euskaraz.
  • Martxoaren 13an. Beasainen, 22:15ean, Igel Euria (Ados Teatroa). Euskaraz.
  • Apirilaren 4an. Beasainen, Simplicissimus (Tartean Teatro), 20:00etan, gaztelaniaz eta 22:15ean, euskaraz.
  • Apirilaren 24an. Ordizian, 22:15-ean, Harri orri har (Pez Limbo). Euskaraz.

SARRERAK

Urtarrilaren 7ra bitartean eros daiteke zortzi saioetarako abonua, 72 euroan. Emanaldi bikoitza den kasuetarako, euskarazko saiorako gordeko zaie lekua abonua dutenei. Aldatu nahi izanez gero, dagokion aretoarekin jarri beharko dira harremanetan, gutxienez zazpi egun lehenago. Sarrera arruntak 12 euro balio du, baina 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten taldeek merkeago izango dute, 10 euroan. 

Bi antzokietako leihatiletan eros daitezke abonuak eta sarrerak; baita Ordiziako Barrena Jauregian ere. Taldeko sarrerak lortzeko dagokion Udaleko sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da.

Ordiziako Lasa Harategiak irabazi du Euskal Herriko txistorra lehiaketa

IMG 20191218 WA0006

Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin, Euskal Herriko XXII. Txistorra Lehiaketa antolatu du Ordizian gaur, Udaletxeko arkupetan, goizeko 10:30etatik aurrera.

Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. Aurten 53 partaide izan dira; gehienak Gipuzkoatik, nafar batzuk, arabar bat eta aurtengoan bi bizkaitar ere bai.

Lehen saria Ordiziako Lasa Harategiarentzako izan da, 134,50 puntu lortuta. Bigarrena, Eibarko Mujika Harategiak eskuratu du (117,70 puntu), eta podiuma Elorrioko Patxi Aramberrik osatu du (115,50 puntu). Laugarren postua Dimako Zuazu Harategiarentzak lortu du (111,50 puntu) eta Ataungo Erauskin Harategia bosgarren gelditu da, 110,50 punturekin.

a6c2eb0f e250 40b6 a822 db0a660889bb

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image