Image
Image

Ordiziako kaldereroak eta Zozomikote, datorren astean

IMG 9222

Otsailaren 10etik 15era bitartean Kaldereroak ospatuko dira Ordizian, eta horren barnean kokatuko da Zozomikote pertsonaia ere. Beste urtebetez, ilusio eta lan handiarekin atera dute aurrera egitaraua antolatzaileek, eta herritarrek ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Lander Mujika, Ordiziako Udaleko kultura zinegotziak hala eskertu du herritarren parte hartzea: “badakigu lan handia egiten dutela ekitaldi sorta hau antolatzeko, eta oso eskertuta gaude hori guztiagatik. Horregatik, zuzenean edo zeharka Kaldereroetan parte hartu edo laguntzen duten guztiei eskerrak ematen dizkiegu Udaletik”. Erramun Amundarain, Kaldereroen Konpartsako kideak gaineratu du helburua “Kaldereroak ordiziarren festa” bihurtzea dela, denboran iraungo duena. Horrez gain, kontuan izan behar da Kaldereroek herriko eragileak omentzeko ere balio izaten duela, Urrezko Zozomikoteari esker. Hala, aurten lau izango dira errekonozimendu hori jasoko dutenak: Laguntasuna Errondaila, Ordiziako Saskibaloi Elkartea, Jai Alai Pilota elkartea eta Ordiziako Mendizale Elkartea.

 

EGITARAUA

  • Otsailaren 10etik 15era Ordizian Elkarteak antolatuta, Dendaz denda Zozomikoteren bila
  • Otsailak 11, asteartea: Zozomipotea auzoetan
  • Otsailak 12, asteazkena: Zozomipotea erdigunean
  • Otsailak 14, ostirala: 19:00etan, kalejira Ordiziako Musika Eskolako banda txikiarekin eta Azen Erraldoi Konpartsarekin.
  • Otsailak 15, larunbata: 13:00etan, kalderero paseoa herrigunean Umore Ona abesbatzarekin, Laguntasuna Errondailarekin, Antxon Imaz eta Jose Ignacio Iturriozekin. 16:30ean, Zozomikoteren kanpamendua plazan. 18:00etan, Nikolas Lekuona plazan txupinazioa eta Zozomikote txikiaren pregoia Urrup antzerki taldearekin. Ondoren, Kalderero Konpartsako desfile mistoa. Plazara iritsita, Urrup antzerki taldeak Zozomikote pertsonaiaren ikuskizuna eskainiko du, eta, amaitzeko, zozomipotea egingo da plazan, Idiazabal Gaztaren dastaketa eta txotxa helduentzako, eta txokolatada pastekin umeentzako. 

Ostiralera arte egongo da zabalik Zaporeak-en erakusketa

Zaporeak. GKE. Erakusketa 1

Ostiralera bitartean irekita egongo da Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Barrena Jauregian jarri duen Duintasuna Elika Ezazu erakusketa. Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuekin lan egiten dute, eta horien inguruko erakusketa jarri dute. Sarreran dago jarrita erakusketa, eta 09:00-13:00 eta 16:30 eta 20:00 tartean egongo da zabalik. Bestalde, ostiral honetan Tximista Sagardotegian bertso afaria egingo da eta eskuratzen den dirua Zaporeak-era bideratuko da. Emaneurre euskara elkarteak Udalarekin antolatu duen ekintza da. 

Hemen argazki batzuk:

Zaporeak. GKE. Erakusketa

Zaporeak. GKE. Erakusketa 2

Zaporeak. GKE. Erakusketa 5

Zaporeak. GKE. Erakusketa 3

'El Gran Crucero' antzezlana, ostiralean, Herri Antzokian

EL GRAN CRUCERO R

Antzerki Garaia zikloak aurrera darrai eta ostiral honetan, hilak 17, El Gran Crucero antzezlana izango da ikusgai Herri Antzokian, 22:15ean hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko Barrena Kultur etxean, 12 euroan.

La Pescaderia Ambulante taldeak eskainiko duen lana da, eta bertan, Garikoitz Lariz aktore ordiziarrak parte hartuko du. Taula gainean izango dira berarekin batera Noe Lifona eta José Luis Guerrero aktoreak, beraiek dira eta antzezlanaren protagonistak. Lan honek Malagako Ateneo saria jaso zuen 2018an, lan original onenagatik. Ikusleak dibertitzeko asmoz, hiru gazteek egingo duten lehen bidaiaren nondik norakoak kontatuko dituzte, zerbitzu militarra bukatu ondoren. Hainbat ipuinek osatzen dute lana, eta protagonistek haien bizi-esperientziak kontatzen dituzte.

"Hawaiiko musika, Francoren zingirak, plastikozko kutxa bat, argizko gurutze bat eta zur eta alanbre linboan galdutako hiru militar. Osagai-nahasketa bat da, ikuslea bidaiarako prestatzen dutena, iraganeko gure historiako absurdu mingarrian barrena. Alkitranezko zeruertz batean, uniformezko hiru mamutxek gainean daramate etxea lubaki gisa. Balizaz baliza, eta ezarritako ibilbide-orriari jarraituz, zerbitzu militarra bete ondoren dagokien baimenera jotzen dute ezinbestean. Oporrak eskumuturrekoarekin. Mundu guztiak darama bere txartela? Akreditazioa? Ez ahaztu eskumuturrekoa. Gurutzaontzi Handia zuetako bakoitzaren eskura dago. Aukera hau alferrik galduko duzue? Eskifaia osoaren izenean, opor zoriontsuak opa dizkizuegu".

Oinarrizko eszenaratze batekin, hiru protagonisten lanean dago benetako indar-ariketa. Noe Lifona, José Luis Guerrero eta Gari Larizek gorputza eta arima uzten dute antzerki-lanean. Ariketa bizia eta, oso gogorra batzuetan, eta hiru soldadu hauen istorioak aurrera egin ahala lortzen dute ikuslea hunkitzea.

San Bartolome ermitako indusketek 2020an jarraituko dute

San Bartolome ermita. Ordizia

Gure Iragana elkarteak egindako artikulua Mexikoko aldizkari batean argitaratu dute

Ordiziako Udalak, Aldundiaren laguntzarekin batera, San Bartolome ermitaren indusketaren bigarren faseari ekingo dio aurtengo urtean zehar. Iaz hasi ziren bertan indusketa lanak, eta hainbat aurkikuntza egin ziren. 2020an jarraipena emango zaie lan horiei; asmoa da maiatza-ekaina bitartean egitea, besteak beste, ikastetxeen kurtso amaierarekin bat egin eta haur eta gazteenek lanak ikusi eta gure argibideak zuzenean jasotzeko gainontzeko herritarrekin batera.

Gure Iragana taldeak 7.780,30 euroko diru laguntza jasoko du, beraz, lanketa horiek burutzeko. Gaur egungo ermitaren mendebaldeko zatian 6x7 inguruko koadroa azaleran industea da asmoa, topatutako hormetatik hasi eta Elizaren ardatz nagusia kontuan hartuta, ipar aldeko erdia arkeologikoki agortuz.

San Bartolome ermitaren inguruko lan arkeologikoak 2018 urteko urrian hasi ziren. Josu Etxezarraga arkeologo eta historialariaren, eta Ander Arrese arkeologoaren gidaritzapean zenbait unetan. Aurkikuntza horiek nabarmenak izan dira, eta hedadura ere izan dute; hain zuzen, Mexikoko "Instituto Nacional de Antropología e Historia (INAH)"-k argitaratzen duen "Conservacion y Restauración" Aldizkariak "El origen olvidado de Villafranca- Ordizia. Ermita de San Bartolomé" izenburu duen Gure Iragana elkartearen artikulua ekarpen bikain modura baloratu du eta, dagoeneko mexikarrez idatzita aurki daiteke aldizkariaren 18. zenbakia formatu digitalean. Ale hau historiak eta antropologiak ondare kulturaren kontserbazioan eta zaharberritzean duten zereginari eskainita dago.

Link edo lotura honen bitartez dohainik deskargatu daiteke bai aldizkari osoa eta baita Gure Iraganak idatzitako artikulua (David Cano, Nerea Iraola eta Iosu Etxezarraga) PDF formatuan:

https://revistas.inah.gob.mx/index.php/cr

Bestalde, Osbele, Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkartearekin duen hitzarmenarekin jarraituko du Ordiziako Udalak, ermita balioan jartzen jarraitu eta bertan ekintzak antolatzen jarraitu dezaten.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image