Image
Image

'Ongi etorri eskolara', kulturarteko harremanak bultzatzeko

Proiektuaren helburua Eskolan izena eman duten eta beste lurraldeetan edo erkidego autonomoetan jatorria duten familiei laguntza ematea da.

‘Ongi Etorri Eskolara’ proiektua berriz ere Ordizian garatuko da, iazko urteko esperientzia ona dela eta. Kultura arteko eredu pedagogikotik, eta eskola komunitate osoaren inplikazioaren bidez eskolan aniztasun kulturala eta honek sortzen dituen abantailak lantzeko egitasmoa da hau. “Iazko kasuan, Familia Laguna programan 40 familiak parte hartu zuten; 20 bikotek. Aurten, berriz, 34 familiak parte hartuko dute”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Alde batetik, berdintasunezko bizikidetzan, familia guztien inklusio prozesua aurrera eramaten lan egiten da. Bestetik, familia hauei, euskara eta euskal kultura, beraientzako aukera bat bezala eta ez gainditu beharreko oztopo bat gehiago bezala, ikus arazten. Horretarako, eskola osatzen duten kultura guztiak balioztatzea beharrezkoa da. Berdintasunezko baldintzetan hurbileko erlazioak sortu daitezen. Bai jasotzen duen kulturak eta baita etortzen den kulturak ere sendo egon behar dute, batak bestearengandik ikasteko, norberak berea galdu gabe. Eta eskola guzti hau lantzeko eremu pribilegiatua da.

“Ongi etorri eskolara” proiektuak Urdaneta Eskolan eta Jakintza ikastolan kulturartekotasuna lantzen du. Eskola osatzen duten kultura guztiak ahaldunduz, jatorria beste herrialde batean duten kulturetako familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatuz. Horretarako, ikasle, irakasle, irakasle ez diren langileekin eta familiekin lan egiten da. Azken hauek izaten dira gehienetan eskolan kulturartekotasuna lantzen denean, lanketa honetatik at geratzen direnak, baina aldi berean, hezkuntza prozesua eta bizikidetza lantzeko nahitaezko zati dira. Familiekin egiten den esku-hartzeak, eskolan aurrera eramaten den kulturarteko esku-hartze eta sentsibilizazioa eremu komunitariora zabaltzea dakar, auzoetan, udalerrietan edo/eta hirietan.

Familia laguna

“Ongi Etorri Eskolara” proiektuaren barruan gauzatzen den programetako bat “FAMILIA LAGUNA” programa da. Honek eskolan matrikulatzen diren beste herrialde batzuetako familia emigratuak, adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldun boluntarioekin harremanetan jartzen ditu. Familia hauek, boluntario aurkezten dira konfiantzazko harreman bat eraikitzeko, gizarte eta hezkuntza arloko ibilbidea egiten ahalbidetuko diena, alderdi hauei dagokienez: ikastetxeko informazioa, auzoko eta udalerriko baliabideak, familia etorri berriaren sare sozialak zabaltzea eta haiek euskarara hurbiltzea, eskolan eta komunitatean aukera-berdintasunaren bideratzaile gisa.

Ostegunean, Amorante musikariaren kontzertua

Ostegun honetan, hilak 8, Ordiziako Udalak antolaturiko “Bizi Musika” zikloan, bigarren kontzertua izango dugu Amorante musikariaren eskutik . Hitzordua Herri Antzokian, arratsaldeko 20: 30etan.

Proposamen musikal interesgarri baten txanda izango da: Amorante. 20 urteko ibilbidean hainbat proiektutan parte hartu duen Iban Urizarren proiektu pertsonala da Amorante. Urizar Euskal Herriko musika esperimentalaren eta inprobisazio librearen eszenarekin lotuta dago, Bizarra edo Mengele quartet, popa edo rocka bezalako proiektuetan Joseba Irazoki edo Rafa Ruedaren bandetako kide gisa ibilia edo folkean Joseba Tapia musikariarekin batera.

Amorante, Iban Urizar, bera bakarrik agertokian. Aldean darama gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta perkusio tramankuluak; eta looper bat darabil soinu horiek guztiak nahastu, ordenatu, eraiki eta apurtzeko.

Amorantek iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Eta hasiz gero kantuen aldamioei erreparatzen, han ere era askotako keinuak aurkituko ditu entzuleak, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak. Baiki, tradizioak pisu handia du Amoranterentzat, baina ez tradizioa ulertuta modu sakratu eta aldaezinean, ezpada zerbait berria sortzeko ezinbesteko zimendu bezala. Hori baita Amoranteren bigarren osagaia, tradizioa bezain ezinbestekoa: inprobisazio askea. Kantua etengabe aldatzen ari den zerbait da harentzat, eta, hortaz, aurrez ezarritako gidoirik gabe aritu zale da, unean uneko jardun erabatekoan, balizko akatsek bide ematen diotelako lehendik egindakoa beste zerbaitetan transformatzeko.

Ezohiko musikaria da Amorante, bai bazterrotan behinik behin. Ezohikoa, batetik, askotariko erreferentziak batuz iruditeria oso pertsonala osatzea lortu duelako, eta, ezohikoa, bestetik, apustu zintzo bezain zirraragarria delako berea, gutxitan antzematen den benetakotasuna dariolako bere jardunari. Eta artista bati nekez eska dakioke hori baino gehiago.

 

Harrigarria izan daitekeen proposamen musikala, baina bere arriskuagatik, originaltasunagatik eta freskotasunagatik ere harrapatzen zaituena. Amorante, inprobisazioaren maitalea, Musika Bulegoa Saria saria jaso duena, ostegun honetan Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik salgai: Kutxanbank-sarrerak (webgunean eta kutxazainetan) eta Herri Antzokian.

'Prozak' kale antzerkia, ostiral honetan

Ostiral honetan honetan, Plaza Nagusian, arratsaldeko 17:30etan Malas Compañías taldeak “Prozak” ikuskizun familiarra eskainiko du, Ordiziako Udalak antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzaturiko «Kale antzerkia bultzatuz» programaren barruan. Emanaldia egingo den eremua, Plaza Nagusian, mugatuta egongo da, eta edukiera mugatua izango du, erabilgarri dagoen lekuaren arabera.

Malas Compañías Zirko Taldearen klowna eta umorea izango dira protagonistak "Prozak" ikuskizunean

Batere ohikoa ez den familia baten bitartez egoera burugabez beteriko unibertsoan murgilduko gara, oharkabean familia horren parte bihurtu arte. Antidepresibo osasuntsu eta eraginkorra dakarkigu taldeak, BARREA eta EMOZIOA., PROZAK propioa pilula ikusgarrian.

Mendebaldean gehien kontsumitzen den antidepresiboa omen da PROZAK, pilula magikoa. Baina Malas Compañias taldearen partaideek ez dute pilula magikoetan sinesten, eta antidepresibo eraginkor eta osasuntsu bat dakarkigute: barrea eta emozioa, PROZAK propioa alegia, zirkua, klowna eta antzerkia uztartuz, ikusle guztientzako ikuskizun berria, formatu anitzekoa.

Ez dakigu non dauden: etxean, zoroetxean, anbulatorioko itxarongelan, aireportuko igarobidean, espazio hutsean... Berdin dio! Bost pertsonai xelebre, bakoitza bere xelebrekeriekin, baina elkarrekin egotera ohituak. Besterik ez dutela susmatzen dugu, baina hemen inor ez da baztertua, edo gutxietsia; aitzitik, bakoitzaren zoramena taldearen laguntzaz anplifikatu egingo da, eta bide harrigarriak hartuko ditu.

Bazterketaren eta estigmatizazioaren kontrako begirada samurra eta komikoa, ikuslea bere burua ere berezi, ezberdin, apart, zoro sentitzera eraman nahi duena.

"Malas Compañias" taldea Euskal zirku konpainia beteranoenetakoa eta oparoenetakoa da. 12 urteko ibilbide profesionalean 7 ikuskizun aurkeztu ditu. Kalea eta aretoa uztartuz , bere lanek berezko zigilua dute, eta zirkua eta umorea ulertzeko eta eszenaratzeko estilo propioa. Prozak ikuskizunaren proptagonistas Maite Guevara, Javier Garcia "Mimo", Mikel Pikaza, Ariñe Azkue eta Koldo Arakistain izango dira.

Kultur emanaldietan bertan hainbat arau bete beharko dituzte ikusleek:

  - Leku mugatuak izango dira ekitaldietan, indarrean dagoen araudiaren arabera

  - Pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira

  - Maskara jantzita edukitzea beharrezkoa izango da

  - Garaiz etorri, jende pilaketak saihesteko. Banan-banan esertzeko denbora beharko da

  - Une oro norbere tokian eserita egon beharko da emanaldia amaitu arte

Ordizian garatuko da 'Harimakilatik ihesi' egitasmoa

Iritsi da Harimakila egitasmoa Ordiziara. 2014an, Harimakila ekimen artistikoa Gasteizen sortu zen helburu honeki: Asian, Latinoamerikan eta Afrikan, ehungintzan lan egiten duten langileek pairatzen duten giza eskubideen urraketa plazaratu eta esperientzia artistiko baten bidez, norberak, langile horiek dituzten baldintzak lehenengo pertsonan bizitzea. Kontsumo eta ekoizpenaren inguruko begirada kritikoa aktibatzea bilatzen da. Aurkezpenean izan dira Maite Alonso Cuadrado, Setem Hego Haizea-tik, Maider Sagredo, Calcuta Ondoan-etik, eta Udal ordezkariak: Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez alkateordea.

“Guretzako ohore bat da halako ekimena Ordizian egiteko aukera izatea; guztiok hausnartu behar dugu gure erosketa ohituren inguruan, eta are gehiago horien atzean zer dagoen. Horregatik animatzen ditut herritarrak esperientzia honetan parte hartzera, guztiok ikasteko balioko du eta”, azaldu du Ezenarrok.

2020an, Harimakilaren hasierako ideian oinarrituz, “Harimakilatik ihesi” egitasmoa sortu da. Ekimena Begirada Kontzienteak programaren barne kokatzen da, non kontsumo arduratsua eta pedagogia feministak sustatzen diren. Baina, zer da zehazki?

Ihes gela antzeko bat, jolas bat, esperientzia bat, froga bat... Ordizian bakarrik egongo da esperientzia hau bizitzeko aukera, irailaren 24tik azaroaren 28a bitarte. Epe horretan, 88 taldek soilik izango dute parte hartzeko aukera.

Zer egin behar da abentura bizitzeko? Talde bat sortu (2-5 pertsona), erreserba egin www.harimakila.org, Harimakila-tik ihesi-ra etorri (Cartonajes Nadal, Herri Antzokia, Ordizia) eta frogak pasa eta erronkei aurre egin denboraren aurka. 60 minutu izango dira ihes egiteko. Erreserba beharrezkoa da, eta doakoa da. Musukoaren erabilera, berriz, derrigorrezkoa.

Asteazkenetik ostiralera: 17:00 eta 18:30; larunbatetan: 12:30, 17:00 eta 18:30ean.

Harimakilatik Ihesi elkarlanaren ondorioz sortu da.                        

  • Lan taldea: Calcuta Ondoan ONG, Ikertze, Setem Hego Haizea, Juntura arkitektura kooperatiba eta Experientziako kideak eta Ordiziako Udala.
  • Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Garapenerako lankidetzaren Euskal Agentzia.
  • Herriko ekimen eta dendak: Urrup Antzerki taldea, Oskarbi Oinetakoak, Marta Art , Vicuña sport, Bi Love arropa denda, Lua Basque Boutique, Lena lenceria y complementos, Intersport Urrutia , GEÊ shops, Arantxa Mertzeria-Lentzeria , Olatz mercería, Amatriain frutak , Sustrai fruta-denda, Tejidos El Kilo, Ordiziako Azoka, Kutixi, Goi Garbi garbiketak, Sasieta Mankomunitatea, Palets Beñat (Urnieta), Jositajosi (Donostia), Emaus Gizarte Fundazioa (Irun-Donostia), Uhinak (Zarautz), Pikor Teatro (Arraia-Maeztu), Eskenitek (Arraia-Maeztu).

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image