[Oharra] Balkoietako musika
Atseden hartzeko eskubidea eta balkoietako musikaren arteko oreka bilatzeko jarraibideak
COVID19 birusak eragindako larrialdi egoerak ekarri duen konfinamendua hasi zenetik herriko hainbat auzotan balkoietako ekintza-musika kontzertuak ohikoak dira, eta herritar askok biziki eskertzen dituzte, egoera eramangarriagoa izan dadin laguntzen dutelako, eta auzo bakoitzeko komunitateak indartzen dituelako.
Hala ere, kontutan hartu behar da ordiziarrak bizitzen ari garen errealitateak anitzak direla, ospitale eta egoitzetan lehen lerroan lanean jarraitu dutenak, gaixo daudenak edo familiako kideren bat galdu dutenak, esaterako. Horregatik, Ordiziako Udaletik herritarrei zentzuz eta enpatiaz jokatzeko eskatzen dizuegu. Egoera honetan oreka lortzen saiatu behar gara, balkoira bizilagunekin musikaz gozatzera ateratzen direnen eta atseden hartzeko beharra duten herritarren artean.
Oreka lortzeko jarraibide hauek ematen ditu Ordiziako Udalak:
- Balkoietako musika eta jardueren denbora mugatzea:
- Astean zehar, arratsaldeko 20:00etako txaloen aurretik edo ondoren, gehienez 30 minutuz.
- Ekintza edo jarduera bereziak asteburuetara mugatuko dira, larunbata edo igandean, egun bakar batez, gehienez ordu eta erdiko iraupenarekin, eta amaitzeko arratsaldeko 20:30etako mugarekin.
- Musikaren bolumena kontrolatzea. Horretarako antolatzaileek beraiekin harremanetan jartzeko moduak argi adieraziko dituzte (telefono zenbakiak, whatsapp taldeak, etab.)
- Kexak jasoz gero, identifikatu egin beharko dira kexa-jartzaileak, eta kexaren xehetasunak azaldu beharko dira.
- Udaltzainek zarata-mailak egiaztatu ahal izango dituzte, eta itzaltzeko edo zarata mugatzeko eskatu ahal izango dute, ikusita kasu bakoitzeko egoera zein den.
Ziur gaude guztion artean gai izango garela aisialdirako eta atseden hartzeko eskubideak errespetatzeko. Elkar zaindu gaitezen.