Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin, Euskal Herriko XXII. Txistor-Lehiaketa antolatu du Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 18. Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.30etatik aurrera. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. Aurten 50 partehartzaileen muga gainditu dugu, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk , Arabar bat eta aurtengoan bi Bizkaitar ere bai.
Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.
Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskal Herrikohogeitabigarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta epaimahaiak, gainera, beste bi diploma emango ditu.
Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia), Amaia Blazquez (Tximista Sagardotegia, Ordizia), Sonia Tapia (Fronton Jatetxea, Tolosa), Xabier Zabaleta (Jakitea Elkartea), Juanma Garmendia (Kattalin erretegia, Beasain), Rebeca Barainca (Galerna Jatetxea, Donostia), Jose Juan Castillo (Sukaldaria), Ramon Roteta (Sukaldaria), Jesus Mari Deba (Odolkigilea, Ezkio), Laura Tamayo (Basque Culinary Center-eko irakaslea), Aitor Buendia (Radio Euskadiko “La Ruta Slow” programako aurkezlea), Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza / Diario Vasco).
Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.
Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.