ORDIZIAKO UDALAK VICTOR MENDIZABALEN V. IKERKETA BEKARAKO DEIALDIA ZABALDU DU
Lan proposamenak aurkezteko epea martxoaren 22an bukatzen da
Ordiziako Udaleko Kultura sailak “Victor Mendizabal–Ordizia” V. ikerketa Bekarako deialdia egin du. Bekak kultura eta hezkuntza arloa sustatzea du helburu, eta Ordiziari buruzko ikerketak bultzatzea. Beka deialdia bi urtetik behin egiten da.
Victor Mendizabal Gorostizu ordiziarraren izena Argentinako Euskal Etxeak zituen proiektuetan murgilduta azaltzen da, XX. mendearen hasieran. Ardura oso garrantzitsuak bete zituen Mendizabalek, Pedro Albaiterorekin batera: sortu nahi zituzten eskoletarako, nola neskentzat hala mutikoentzak ere, erakunde erligiosoak bilatzea. 1905ean Angleteko “Siervas de Maria” kongregazioarekin, Llavallolen, sortuko zuten nesken eskolaren kudeaketarako kontratua sinatu zuten. 1908ko otsailaren 1ean, Pedro Albaiterok eta berak, Lekarozko Kaputxinoekin sinatutako kontratua bidali zioten Buenos Aireseko Euskal Etxeko presidenteari, Errecaborde jaunari. Kongregazio honen esku utziko da mutilentzat sortuko den eskolaren kudeaketa.