Beatriz Gallego Muñozek “Mujeres y trabajo en Ordizia (1880-1980): una perspectiva de género” ikerketa lana burutuko du.
“Mujeres y trabajo en Ordizia (1880-1980): una perspectiva de género” da aurkeztutako lanaren izenburua, eta Victor Mendizabal IV. Ikerketa Beka burutzeko aukeratua izan den lana. Ikertzaileak lana burutzeko urtebeteko epea eta 7.000 euroko laguntza izango du. Hiru lan aurkeztu dira Ordiziako Udalaren Kultura Sailak antolatu duen laugarren deialdi honetan.
Gizarte zientzien, natur zientzien eta humanitateen arloko ikerketa bultzatzea da bekaren xedea, Ordizia eta ordiziarrak erreferente izanda, irabazi duen lanak deskribatzen duen moduan. Joseba Aranburu Ordiziako Kultura zinegotziak, Ana Leturia EHUko irakasleak, Jesus Mari Gaztañaga Goierri Fundaziokoak, eta Patxi Garmendia historiagile eta irakasleak osatutako epaimahaiak, deialdiko oinarrietan zehaztutakoaren arabera, kalitate zientifikoa, originaltasuna eta egilearen ikerketarako gaitasuna baloratu dituzte, eta deialdiaren helburuak lortzeko zein ekarpen egiten duen.
Nagusitu den ikerketa-lanaren helburua da Ordiziako emakume langileen papera edo egitekoa aztertzea industrializazio prozesuaren etapa desberdinetan eta udalerriari egin zioten ekarpen ekonomiko eta soziala azaleratzea.