Ahoz-Aho jaialdiaren edizio berriak, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak eta beste ikuskizun mordo bat ekarriko dizkigu Ordiziara, denak ere ipuinetan oinarritutakoak. Ahoz Aho jaialdia pasa den martxoaren 5ean hasi zen, X Narrazio lehiaketarekin, eta larunbaterako programa bikoitza iragarri du.
Hainbat estilo eta hainbat forma, gure mundu anitz, mestizo eta kultura askotarikoaren erakusgarri. Kultura desberdinak, mundu ikuskera desberdinak, jarri nahi dira aurrez aurre, mendean hartu nahi gaituen kultur globalizazioari ihes eginez. Elkar ezagutzea da helburua, harremanak ezartzea eta areagotzen ari den mestizaje aberasgarria onartzea, bakoitzak bere izateari eutsiz.
Larunbat honetan, hilak 19, arratsaldeko 5etatik aurrera, sarrera librearekin, Barrena Kultur Etxean Jaialdiko plater nagusietako bat izango da, Maider Alcelayk (Euskal Herria) eta Nicolas Buenaventurak (Kolonbia) parte hartuko duten familia-saio batekin.
Komentatu dugun bezala Maider Alcelay arrasateko narratzaile trebearekin batera Nicolas Buenaventura kolonbiarra izango dugu. Nicolas Buenaventura, ahozko narrazio eszenikoaren ikonoa da eta Latinoamerikako eta Europako narratzaile adierazgarrienetako bat. Narratzailea, aktorea, idazlea, gidoilaria eta zinema-zuzendaria — hainbat dira kolonbiar honen lanbideak (Calin jaio zen 1962ko abuztuaren 7an). Enrique Buenaventura antzerkigile zenaren semea, Paristik hainbat herrialdetan (Polonia, Mexiko, Estatu Batuak, Boli Kosta, Burkina Fasso, Madagaskar, Puerto Rico, Frantzia, Espainia, Panama, Peru, eta abar) bira egiten ari zela, bere ipuinak kontatzeko atera zen, batzuetan liburu txiki eta zaporetsuetan bildu dituenak, edo ahozko tradizioan geratzen direnak. Familiako tradizio luzeko aktore, antzerki-zuzendari, zinemagile eta ahozko narratzaile trebe hau entzuteko aukera paregabea.
Eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera jaialdia kalera aterako da, Plaza Nagusira eta Garagartza plazara joango da, hurbileko magia proposamen batekin, Imanol Ituiño, David Blanco eta Diego Calavia magoen eskutik.
Mokadutxo erakargarria larunbaterako, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Barrena Kultur Etxean ipuinen mundu magikoaren bitartez hitzaren hurbiltasunarekin eta 19:00etan kalean, zuzeneko magiaren hurbiltasunarekin eta distantzia laburreko sorginkeriarekin.