ANTZERKI GARAIA PROGRAMAREN XXIII EDIZIOA, PREST!
Urtarrilaren 13an hasiko da Ordizian "Idiot txou" lanarekin.
Urtarrilarekin batera Ordiziako Herri Antzokiak eta Besaingo Usurbe antzokiak zabaltzen dituzte bere eskenatokiak “Antzerki Garaia” programazioari. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. Jakina denez, kanpaina horrek 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak; beraz, aurtengoa Goierriko antzerti-denboralditxoaren hogeitahirugarren ekitaldia da.
Azken urte hauetako balorazioak positiboak izan dira eta Beasain eta Ordizia elkarrekin egindako lana ikusleen mesedetan joan da, Goierrin antzerti-denboralditxoa eskainiz. Oraingo honetan euskal antzerkigintzaren produkzioa oparoa da eta hori aurten ere programazioan isladatuko da; 8 lanetatik sei euskaraz izango dira.
Teloia Ordiziako Herri Antzokian altxatuko da urtarrilaren 13an. Ados teatroak “Idiot Txou” lana aurkeztuko du Josean Bengoetxea, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hormaza antzezleekin.Umoretik abiatuta “Idiot Txou” ikuskizunak zuzeneko irratsaio bat aitzakitzat hartuta gaurkotasunaren analisia egingo du.
Urtarrilaren 20an, Beasaingo Usurbe Antzokian, “No te vistas para cenar” komedia taularatuko da, gaur egungo vodevila eta enredeko komedia. (Lan honek bi saio izango ditu: 20:00 h eta 22:15 h.)