ORDIZIAKO GAIKAKO BILKETA %79AN, BIRZIKLAPENAREN MUNDU EGUNAREN ATARIAN
Sistema aldaketa ezarri zenetik Ordizian lortu den bereizte tasa handiena da
Ordiziako hondakinen gaikako bilketa %79koa izatera iritsi da, orain artean lortu den bereizte tasarik handiena. Larunbatean, hilaren 19an, Birziklapenaren Mundu Eguna ospatuko da, eta udalaren esanetan, lortutako datuek eredugarri bihurtzen dute Ordizia herri iraunkorrago bat lortzeko bidean. Hamar hilabete bete dira aste honetan bilketa sistema aldatu zenetik, eta harrezkero, edukiontzi bidez egindako bereizte tasa bikoiztu baino gehiago egin da hilez hil.
Sasieta Mankomunitateak kaleratutako azken txostenak urtarriletik martxora bitarteko bilketa datuak jasotzen ditu. Ordizian 221.090 kilo hondakin jaso dira martxoan; horietatik 174.310 kilo (%79) birziklatze guneetara bideratu dira, eta 46.780 kilo (%21) zabortegira. Bilketa datu horiek herritarren ahaleginari esker lortutakoak direla argi du Ordiziako Udalak.