BENITO LERTXUNDIREN KONTZERTUA OSTIRALEAN
Majori kiroldegian izango da, 22:00etan hasita. Sarrerak 18 euro balio du aurrez erosita, eta egunean bertan 20 euro
Benito Lertxundiren kontzertuak emango dio hasiera aurtengo Euskal Jaien egitarauari, datorren ostiralean. Kantari oriotarraren eta haren taldekideen kantaldia Majori kiroldegian izango da, 22:00etan hasita. Sarrerak, aurrez erosiz gero, 18 euro balio du, eta egunean bertan 20 euro. Unibertsitateko ikasle talde batek sortutako Fenix produkzio etxeak antolatu du kontzertua, Ordiziako Udalaren babesarekin. 'Oroimenaren oraina' (Elkar, 2012) azken diskoaren kantuak joko ditu Lertxundik emanaldiaren hasieran, eta kantu ezagun eta kuttunak bukaeran. Taldeko musikarien artean ordiziar bat dago, Peio Ramirez biolontxelo eta soinu-jotzailea. Benito Lertxundi 2009ko urtarrilaren 25ean izan zen azkenekoz Ordizian.