Osasuna hobetzea eta lagunak egitea ditu helburu
Lehen edizioaren arrakastaren ondorioz, aste honetan itzuliko da ikasturte berriari aurre egiteko prest Goazen Ordizia! ekimena. Proposamen honek ordiziarrak ibiltzera bultzatu nahi ditu, osasuna eta interakzio soziala sustatzeko diseinatu diren bederatzi ibilbideetako bat edo batzuk ezagutaraziz. Egutegian ostegunero ibiltzeko ibilbideak ezarri dira, eta partaidetzaren araberako bi aukera egongo dira. Irteera 10:30ean izango da Plaza Nagusitik eta bukaera Zuhaizti Jubilatuen zentro sozialeko tabernan.
Osasuna hobetzea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta bere inguruak ezagutzea, lagun berriak egitea edo beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzea, horiek dira ekimen honen bitartez lortu nahi diren helburuak.
Parte hartzea interesatuta dauden guztiei zabalik dago. Bigarren edizio honetako lehen hitzordua ostegun honetan da, irailaren 15ean, 10:30tan. Dena dela, izena emateko eta taldeak antolatzeko lehentxeago inguratzea komeni da.